Berriak
Ia 500 lagun hurbildu dira zinema bihurtutako Kulturarteko Plaza Feministar
2023·11·14
HARIAK erresistentzia istorioen zinemaldiaren bigarren edizioa izan da azaroaren 2tik 12ra. Bukatu berri den honetan, Udalak balorazioa egin du eta onartu du “ahozapore gozoa” utzi duela HARIAK-ek, “aurtengoa ere edizio arrakastatsua” izan baita, Itsaso Lekuona Kulturartekotasun zinegotziaren arabera.
Kulturarteko Plaza Feminista zinema-areto bihurtu du HARIAK-ek aurten ere, eta herritarrek formatu berria “gustuko” dutela nabarmen geratu da, izan duen harrerari erreparatuta. Ia 500 lagun hurbildu dira saioren bat edo beste ikustera, batzuk, behin baino gehiagotan: “Dagoeneko badago HARIAKen parte hartzeko ohitura hartu duten herritar ugari”.
Datorren urtean, erresistentzia istorio gehiago
Hernaniko Udalak eskerrak eman nahi dizkie parte hartu duten gonbidatu guztiei. Armenia, Espainia, Txile, Argentina, Kenya edota Euskal Herriko erresistentzia istorioak ezagutu eta haiek kokatzeko aukera izan da HARIAK-en. “Istorio ezberdinen artean oso lotura politak sortu dira”, aipatu du Lekuonak, izan ere, gonbidatuek euren artean edota bertako eragileak ezagutzeko aukera izan baitute kasu batean baino gehiagotan.
Irakaspen ugari utzi dizkigu aurtengo HARIAK-ek, eta erresistentziak zeinen beharrezkoak eta ederrak diren kontzientzia hartzeko balio izan du.
Hurrengo edizioa ere izango dela aurreratu dezakegu: hala, erresistentzia istorio gehiago ezagutzeko aukera izango dugu Hernanin. Horretarako, aurten ikusle izan direnen iritziak eta proposamenak balio handikoak izango dira.