Berriak
Atzealdea HARIAK, erresistentziak erdigunera ekarriko dituen zinemaldia azaroaren 2tik 12ra
Kulturarteko Plaza Feminista zinema-areto bihurtuko da berriz
2023·10·06
HARIAK, erresistentzia istorioen zinemaldiaren bigarren edizioa antolatu du Hernaniko Udalak. Azaroaren 2tik 12ra izango da, Kulturarteko Plaza Feministan.
Xabier Lertxundi alkateak, Itsaso Lekuona Kulturartekotasun zinegotziak, Irantzu Jauregi Kulturartekotasun teknikariak eta Su Hernandez, HARIAKeko koordinatzaileak aurkeztu dute jaialdia.
Hernaniko Udaleko Lankidetza sailak urte asko daramatza sentsibilizazio ekimenak egiten eta iaz “proiektu propio hau” sortu zuen. Xabier Lertxundi alkateak azaldu duenez, “HARIAKen helburua munduan zehar gertatzen diren giza eskubideen urraketak ikusaraztea da, baina urraketa horien aurrean eraikitzen diren erresistentzietan fokoa jarrita. Alegia: giza eskubideen urraketei aurre egiten dela eta aurre egin daitekeela erakutsi nahi dugu. Antolakuntzak eta komunitateak duten indarra nabarmendu nahi dugu”.
Lertxundik azpimarratu duenez, “erresistentzia herrialde batean edo bestean eman daiteke, baina askotan elkar lotzen dira”. Horregatik, hain zuzen ere, zinemaldi honi HARIAK izena jarri dio Hernaniko Udalak. “Askotan sentitu gaitezke identifikatuta beste herrialde bateko egoerekin”.
Saioen ondoren, egile eta adituekin solasaldiak
Itsaso Lekuona Kulturartekotasun zinegotziak azaldu duenez, iazko esperientzia positiboa aintzat hartuta, aurten ere Kulturarteko Plaza Feminista zinema-areto bihurtuko da bi astez. “Ostegunetik igandera, egunero film bat emango dugu eta asteburuetan, saio bikoitza eskainiko dugu: goizez eta arratsaldez”. Arratsaldetako saioak 18:00etan izango dira eta goizekoak, 11:00etan.
Iazko moduan, emanaldi bakoitzaren ondoren filmaren egileekin edota gaian adituekin solasaldiak izango dira, “errealitate bakoitza hobeto ezagutzeko eta hausnarketarako bideak irekitzeko”.
Lekuonak azpimarratu duenez, “kalitate handiko” lanak izango dira aurten ere HARIAK zinemaldian, “kasu askotan, nazioarteko jaialdietan erakutsi direnak eta sariak jaso dituztenak”. Filmak jatorrizko bertsioan emango dira, azpititulaturik. Emanaldi guztiak dohainik izango dira.
Hamar lan ikusteko aukera
Aurtengo HARIAK erresistentzia istorioen zinemaldian sei film luze eta lau labur emango dira. Bertako eta Euskal Herritik kanpoko erresistentzia istorioak izango dira: Armenia, Argentina, Kolonbia, Espainia, Kenya, Txile...
Armeniako herriak garrantzia berezia izango du HARIAKen edizio honetan, izan ere, azaroan zehar Kulturarteko Plaza Feministan Araks Sahakyan artista armeniarraren erakusketa ere egongo baita ikusgai.
EGITARAUA:
Azaroak 2, osteguna: HARIAK zinemaldiaren inaugurazioa.
Araks Sahakyan armeniar jatorriko artistaren Nuit Blanche zauria erakusketaren irekiera.
Arnaud Khayadjanian zuzendariaren Anahide film laburra. Diasporan bizi direnek sentitu dezaketen emozioetako bati buruz ari da bertan.
Azaroak 3, ostirala: Araks Sahakyan artistaren Nuit blanche performancea eta solsaldia artistarekin. Gorputza erdigunean jartzen duen lan artistiko honetan hainbat identitate ehuntzen dira erresistentzia politikoaren bilaketan.
Ondoren, Diana Kardumyan zuzendari armeniarraren Tombé film laburra emango da. Armeniako egoera politikoa gora-behera, eguneroko bizitzak aurrera nola jarraitzen duen kontatzen du. Gero, Asier Blas Zientzia Politikoetan EHUko doktoreak Armeniako egoera politikoaren testuinguru historikoan kokatuko gaitu.
Azaroak 4, larunbata: Ihitten elkartearen Lasarte-Oria, istorio zumez egina dokumentala. Hiru belaunalditako emakumeen ahotsak biltzen dira, hainbestetan isildutako istorioak lotzeko eta ehuntzeko. Ondoren, solasaldia izango da Ihitten elkarteko Idoia Garzes Aldazabal eta Inge Mendioroz Ibañezekin.
Arratsaldean ez da saiorik izango, Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbon deitu duen manifestazioarekin bat egin baitu Udalak.
Azaroak 5, igandea: Goizean, Madrilgo Cañada Reali buruzko Guillermo García Lópezen Aunque es de noche film laburra. Film hau Canneseko eta Donostiako nazioarteko zinemaldietan erakutsi berri dute. Ondoren, Mujeres de Tabadol plataformako Houda Akrikezekin solasaldia. Auzoan argindarrik gabe daramatzaten hiru urte hauetako borroka azalduko du.
Arratsaldean, The Letter dokumentalaren eskutik, Kenyako errealitatea ezagutuko dugu. Sorginkeriak egitea leporatzen dioten emakume heldu baten istorioa kontatzen du. Ondoren, Afrikako emakumeen egoera testuingurua kokatuko du Trifonia Melibea Obono kazetari, politologo, irakasle eta Afrikako emakumeari eta generoari buruzko gaien ikertzaile ekuatoreginearrak.
Azaroak 10, ostirala: De la resistencia a la existencia dokumentalarekin Tiempo Argentino egunkariaren kasua ezagutzeko aukera izango dugu. Langileek autogestiotik berpiztu zuten egunkaria, gaur egun Argentinako kooperatiba handiena dena sortuz. Malena Winer Buenos Airesko Unibertsitateko Filosofia eta Letren fakultateko irakaslea izango da gurean, Tiempo Argentinoko langile ohia.
Azaroak 11, larunbata: Saio bikoitza izango da.
Goizean, Estibaliz Urresola zuzendari ezagunak Cuerdas film labur saritua aurkeztuko du. Urresolarekin batera, Meatzaldea Bizirik plataformako Sara Ibañez ere bertan izango da.
Arratsaldeko saioan, Txileko Arica hirian izandako isuri toxikoei buruzko istorioa ezagutuko dugu, izen bereko dokumentalaren bidez. Ondoren, enpresa transnazionalek beste lurraldeetan izaten duten eragina aztertzeko, Globalizazioaren Zorraren Behatokiko Julia Martí ikertzaile ekofeminista izango da gurekin.
Azaroak 12, igandea: Aurtengo Hariak zinemaldia Euskal Herriko dokumental batekin bukatuko dugu. Goizez, torturari buruzko Karpeta urdinak emango dugu. Bertan izango da Ander Iriarte zuzendaria.