Berriak
Atzealdea

“Munduan gertatzen diren giza eskubideen urraketen aurrean antolatutako erresistentziak ikusarazi nahi ditugu”

Herritarron begirada zabaltzeko eta munduan gertatzen diren eskubideen urraketak ikustarazteko helburuz, antolatu du Hernaniko Udalak “Hariak, erresistentzia istorioen zinemaldia”.

2022·10·07


Zine jaialdiaren lehen edizioa aurkeztu du gaur Udalak eta egitaraua aurreratu du. Azaroaren 3tik 13ra bitartean, 13 film eta dokumental proiektatuko dira, Kulturarteko Plaza Feministan. Jatorri eta gai desberdineko lanak egongo dira ikusgai. Proiekzio bakoitzaren ondoren, solasaldi eta mahai inguruak izango dira gaian sakontzeko.

Hernaniko Udaleko Lankidetza arloak urteak daramatza munduko errealitate desberdinen arteko harremanak landu eta egoera ezberdinekiko sentsibilizazioa sustatzen eta eginkizun horretan mugarri izan nahi du zinemaldi honek. Izan ere, “munduan zehar ematen diren giza eskubideen urraketak ikusaraziko dituen zine zikloa izango da, baina batez ere, urraketa horien aurrean antolatutako erresistentziei leku egingo diena. Horiek baitira istorio guzti hauek elkarren artean lotzen dituzten hariak”, adierazi dute antolatzaileek.

Lehen edizioaren aurkezpen ekitaldian, parte hartu dute Xabier Lertxundi Asteasuinzarra Hernaniko alkateak, Itsaso Lekuona Legorburu Lankidetza Arloko zinegotziak, Irantzu Jauregi Artola Lankidetza Arloko teknikariak eta Su Hernandez Aparicio Amher Sos Arrazakeria Hernanin kulturartekotasunaren alde lan egiten duen elkarteko kideak.

Guztira, munduko txoko askotako 9 film luze eta 4 film labur proiektatuko dira Hariak-en. Horretaz gain, zinemaldi osoan zehar erakusketa bat ere egongo da ikusgai.

AZAROAK 3

Zinemaldia irekitzeko “Flores de la Llanura” Mexikoko film laburra eskainiko da. Egun berean, “Tras las huellas de l_s desaparecid_s” erakusketaren inaugurazioa izango dugu. Gure artean izango ditugu zuzendaria eta produktorea azalpenak emateko.

AZAROAK 4

“Nuestra Libertad” El Salvadorren abortatzeagatik kartzelan dauden 16 emakumeren inguruko filma ikusteko aukera izango dugu. Aurtengo Donostiako Giza Eskubideen zinemaldian Publikoaren saria irabazi du.. Solasaldian gurekin izango dira gaian aditua den abokatu bat eta Askabideko ordezkari bat.

AZAROAK 5

Larunbatean, saio bikoitza izango dugu. Goizean “La vida después del Isis” Alba Sotorrarena. Dokumentala oso saritua izan da eta azken astean Emmy sarietarako nominazioa jaso du.

Arratsaldean, “Como yo quiera” filma ikusiko dugu. Egipton pasa den hamarkadan izandako iraultzaren manifestaldietan bortxaketa masiboak izan ziren. Horren aurrean emakumeek erresistentzia antolatu zuten. Bi pelikula horietaz hitz egiteko, erreferentea den Olga Rodriguez kazetaria etorriko da Hernanira.

AZAROAK 6

Astearekin amaitzeko, igande goizean “Els nostres George Floyds” dokumentala ikusiko dugu. Estatuan izan diren horrelako kasuak azaleratzen ditu. Marc Almodovar eta Ricard Gonzalez zuzendariak gurekin izango ditugu.

Arratsaldean, aldiz, “918 gau” filma eskainiko da. Bere zuzendaria, Arantza Santesteban, gurekin egongo da. Kartzelan egon zenean, bizi eta hausnartu zuena biltzen du filmak.

AZAROAK 9

Asteazkenean, azaroaren 9an, saio berezia egingo dugu herriko ikastetxe bateko ikasle batzuekin. “Kalean” laburmetraia ikusi ondoren, Donostian bizi diren protagonistekin solasaldia izango dugu.

AZAROAK 10

Ostegunean, “Indestructibles” dokumentala proiektatuko da. Bertan, Xavier Aldekoa eta Alfons Rodriguezek Afrikako gazteei buruzko bestelako begirada bat islatzen dute. Biekin egoteko aukera izango dugu.

AZAROAK 11

Ostiralean, Ane Irazabal eta Cosimo Caridiren dokumentala ikusteko parada izango da: “Awlad Hesiak gainditu”. Errefuxiatuak diren lau haurren istorioa da eta hezkuntza formala lortzeko eguneroko borroka deskribatzen du. Ane Irazabalek streaming bidez parte hartuko du.

AZAROAK 12

Azaroaren 12an, larunbatean, goizeko saioan “Ipar Basatia” film luzeak hartuko du plaza. Irun-Hendaiako eta Mexikoko mugen inguruan hitz egiten du. Gaia kokatzeko bi mugetan adituak direnak izango ditugu gurekin.

Arratsaldean, “Aquí estamos” filma proiektatuko da. Azken urteotan Kanariar Irlak bihurtu dira Europarako sarbide nagusia. Bertan bizi duten egoera salatzen du dokumentalak. Javier Rios zuzendaria eta Loueila Mint El Mamy migranteen eskubideen alde lanean ari den abokatu sahararra izango ditugu Kulturarteko Plaza Feministan.

AZAROAK 13

Amaitzeko, igandean Almeriara bidaiatuko dugu. Bertan, lan eta bizi diren emakume jornaleren esplotazioa eta eskubideen urraketa salatzen duten bi film labur eskainiko dira. Batetik, “Vecinas, vivas donde vivas”. Bestetik, “Vidas invisibles. Mujeres migrantes bajo el plástico”.

Egoera azaltzeko hango jornalera bat eta ekintzaile bat etorriko dira. Horrela itxiera emango diogu Hariak zinemaldiaren lehenengo edizioari.

Hamaika TBn emititutako BIDEOA IKUSI