Berriak

Atzealdea Hariak zinemaldiak Kulturarteko Plaza Feminista erresistentzia istorioen lekuko bihurtuko du azaroaren 7tik 17ra

Webgunea estreinatuko du zinemaldiak

2024·10·16


HARIAK, erresistentzia istorioen zinemaldiaren hirugarren edizioa azaroaren 7tik 17ra izango da aurtengoan. Berriz ere, Kulturarteko Plaza Feminista zinema bihurtuko da bi astez. Dokumentalak, solasaldiak, musika eta aurten, afrodantza saio bat ere izango dira. Hernaniko Udaleko Lankidetza sailak sustatzen du HARIAK zinemaldia, giza eskubideen urraketak eta horien aurrean antolatzen, aurre egiten eta erresistitzen duten Euskal Herriko zein munduan barreneko protagonistei ahotsa emateko.

Aurtengoan, memoriaren gaia hartu da ardatz HARIAK-ek. Gai horri lotuta, ertz askotako eta eremu geografiko ugaritako istorioak ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Dokumental emanaldiak eta punta-puntako solasaldiak

Euskal Herria, Palestina, Sri Lanka, India, Txile, Senegal, Espainia, Nigeria, Brasil... Esan bezala, hango eta hemengo errealitateak ezagutzeko aukera izango da aurtengo HARIAK zinemaldian.

Itsaso Lekuona Lankidetza zienegotziak azaldu du aurten ere dokumental emanaldiak solasaldiekin osatuko direla, “erresistentziak hobeto ezagutzeko eta kokatzeko”. Punta-puntako hizlariak izango dira Hariak-en: Bertha Gaztelumendi, Olga Rodriguez, Ebabba Hameida, Gontzal Martinez de la Hidalga, Teresa Toda, Quinddy Akeju eta Mahmoud Traoré, besteak beste.

Jatorrizko bertsioan izango dira dokumentalen emanaldiak, euskaraz edo gaztelaniaz azpititularik. Saio guztiak dohainik izango dira.

Inaugurazioa, Brasilgo doinuz

Hain zuzen ere, HARIAK-ek duen xarmetako beste bat da ezohiko zinema bihurtzen dela Kulturarteko Plaza Feminista. Irantzu Jauregi Hernaniko Udaleko Lankidetza teknikariak baiezatu duenez, “gune hau aprobetxatzeak zinema bihurtzeko oso ondo funtzionatzen du”.

Inaugurazio ekitaldia azaroaren 7an izango da. Brasilgo Lurrik Gabeko Mugimenduari (MST) ahotsa emango zaio eta Amanda Verrone ekofeminista eta ikerlariak azalduko ditu mugimendua ulertzeko gakoak. Ondoren, Lua Matheus eta Rodrigo Motarekin Brasilgo musikaz gozatzeko aukera izango dugu.

Webgunea estreinatu du Hariak-ek

HARIAK-en jarraitzaileei zinemaldia jarraitzea errazteko, webgunea estreinatuko du aurten Hernaniko zinemaldiak: www.hariak.hernani.eus. Bertan, aurtengo edizioari buruzko informazio guztia aurkituko dute interesatuek, baita aurreko edizioen berri ere.

Su Hernandez, HARIAK zinemaldiko koordinatzaileak azaldu duenez, “webgunea erabilterraza, erakargaria eta praktikoa” izateko intentzioarekin landu da. “Webgune propioa izateak HARIAK egonkortu egingo du, beste zinemaldi batzuen mailara heltzeko”.

Itsaso Lekuona Lankidetza zinegotziak orain arte HARIAK-era bertaratu ez direnak gonbidatu ditu Kulturarteko Plaza Feministara. “Oso giro berezia sortzen da Kulturarteko Plaza Feministan. Behin HARIAK ezagutzen duena, berriz bueltatzen da”.

EGITARAUA:

Azaroak 7, osteguna (18:00):

Inaugurazio ekitaldia:

- HARIAK-en hirugarren edizioko dokumentalen trailerren emanaldia.

- Ocupar, resistir e produzir! -As feiras do MST eta solasaldia Amanda Verrone ekofeminista eta ikerlariarekin, Brasilgo Lurrik Gabeko Nekazarien mugimendua ulertzeko.

- Brasilgo musika Lua Matheus eta Rodrigo Motarekin.

Azaroak 8, ostirala (18:00): Bye Bye, Tiberias eta solasaldia Olga Rodriguez nazioartean eta Ekialde Hurbilean aditua den kazetariarekin, Palestinako historia eta egungo egoerari buruz.

Azaroak 9, larunbata:

- 11:00: La vie d´une petite culotte eta solasaldia SETEMeko Ainhoa Bilbao Arkotxarekin, jantzigintzako langileen baldintzak hobetzeko federazioko kidea.

- 18:00: Matangi/Maya/M.I.A eta solasaldia Herrien Auzitegi Iraunkorreko Gontzal Martinez de la Hidalgarekin, Sri Lankako tamil herriak bizi duen errealitatera hurbiltzeko.

Azaroak 10, igandea:

- 11:00: Arnasa betean eta solasaldia Bertha Gaztelumendi zuzendariarekin, Euskal Herriko emakume zinegileei buruz.

- 18:00: La memoria infinita eta solasaldia Jasna Pauletich, Teresa Toda eta Begoña Gorosperekin, memoria kolektiboa dokumentatzeko estrategiez.

Azaroak 14, osteguna (18:00): Writing with fire eta solasaldia Ebbabba Hameida Mugarik Gabeko Kazetariarekin, kazetaritza lanbidean emakumeek dituzten zailtasunei buruz.

Azaroak 15, ostirala (18:00): Altsasu. Gau hura eta solasaldia Adur Ramirez de Aldarekin, auzi hartako gazte auzipetuetako bat.

Azaroak 16, larunbata:

- 11:00: Mothers eta solasaldia Herrialde Katalanetako Jaima Maternal elkarteko kideekin, haurdun geratzen diren emakume marokoar ezkongabeen testuingurua kokatzeko.

- 18:00: Samba, un nombre borrado eta, solasaldia Mahmoud Traore dokumentaleko protagonistarekin eta Elin elkarteko Pilu Alba ekintzailearekin, Ceutako (Espainia) egoera azaltzeko.

Azaroak 17, igandea (11:00): Mrs. F eta solasaldia Quinddy Akeju Europako Afrokolektibaren koordinatzailearekin, Nigeriako txabola auzoetako emakumeen ahalduntzea testuinguruan kokatzeko.

- HARIAK bukatzeko, afrodantza saioa Quinddyrekin.