Berriak
Atzealdea HARIAK zinemaldiaren bosgarren edizioa emakume izen propioena izango da
2026·10·13
HARIAK jaialdiak bosgarren urteurrena ospatuko da azaroaren 5etik 15era Kulturarteko Plaza Feministan. Gaur aurkeztu du edizio berria Itsaso Lekuona Lankidetza zinegotziak, Irantzu Jauregi teknikariak eta AMHER elkarteko Su Hernandezek lagunduta.
Lekuonak erresistentzia istorioen zinemaldiak egin duen tokiari eman dio garrantzia: "HARIAK geratzeko etorri den ekimena da. Urtero du oso erantzun ona publikoaren aldetik. Erreferentzia bihurtu da zinemaldi txiki hau".
Egitaraua gaurtik dago ikusgai.
Emakume izen propiodun edizio bat
Lekuonak azaldu duenez, "aurreko edizioen ildotik, munduan gertatzen diren errealitateak ikusarazten eta, batez ere, errealitate horien aurrean antolatzen diren erresistentziei ahotsa ematen ahaleginduko gara".
Migrazioa; emakumeen kontrako indarkeria; mendebaldeko gure herrialdeetako kontsumo ereduek munduko beste tokietan duten inpaktua; estraktibismoaren eragina; gerrak eta gatazka politikoak; aldaketa klimatikoa; memoria edota emakumeei ahotsa ematea dira orain arteko edizioetan landu direnak.
"Aurtengoa, emakumeen izen propio askoko edizioa izango dugu", iragarri du Lekuona zinegotziak. "Dokumental gehienek dituzte emakumeak protagonista. Izen propioak pantailara eramateko ariketa da aurtengo HARIAK. Horrez gain, emakumeek komunitatea sortzeko duten ardurari buruz ariko gara, baita memoria jasotzeari buruz ere".
Dokumentala eta solasaldia, ostegunetik igandera
HARIAK bi aste iraungo duen zinemaldia izango da: ostegunetik igandera, arratsaldero izango da hitzordu bat Kulturarteko Plaza Feministan (18:00). Larunbatetan, hitzordua bikoitza izango da, goizeko saioa ere izango baita.
Kasu guztietan, lehenengo, dokumental bat ikusteko aukera izango da eta ondoren, gaian sakontzeko solasaldiaren tartea izango da. Dokumental-zuzendariak, protagonistak edo gaian sakontzeko aditu gonbidatuak izango dira horiek. Aurtengoan, HARIAK-en izango dira Lorea Flores Greenpeace Euskadiko arduraduna; Lander Garro zuzendaria; Marra Junio ekintzaile antiarrazista; Celeste Aguero feminista antiarrazista argentinarra; Marguerite Ebou kulturarteko bitartekaria; Omaira Castellanos, Hernanin bizi den giza eskubideen defendatzaile kolonbiarra edota Safura Khawarazmi, emakume afganiarra.
Sarrera doakoa izango da saio guztietara. "Gure poposamena ahalik eta saio gehienetara etortzea da, hartara, dokumentalen arteko hariak identifikatzeko", luzatu du gonbita Itsaso Lekuona zinegotziak.
Afrikako oihalei buruzko erakusketa, Kulturarteko Plaza Feministan
HARIAK izango den bitartean, Afriakako oihalei buruzko erakusketa ere izango da Kulturarteko Plaza Feministan.
"Oihal horiek atzean dituzten hariak eta istorioak ikusarazi" nahi ditu erakusketa honek.
INFORMAZIO GEHIAGO:

