Berriak
Atzealdea

Hernanira bizitzera datozen herritar guztiei ahalik eta harrerarik onena ematea da Harrera Bulego berriaren asmoa

Harrera Bulego Integralaren zerbitzu berria aurkeztu dute gaur Xabier Lertxundi alkateak eta Kulturartekotasun Arloko arduradunak, Itsaso Lekuona zinegotziak eta Irantzu Jauregi teknikari arduradunak. “Azken urteotan Hernanin biztanleriaren mugimendu handiak egon dira eta, hori ikusita, gure herrira datozenei ahalik eta harrera egokiena ematea jarri genuen erronka”. Duela hiru urte hasi ginen Harrera Protokoloa berritzeko lanean”, adierazi du Lertxundik.

2023·03·13


Izan ere, Kulturartekotasun Arloak prozesu bat abiatu zuen 2020ko urtarrilean, Hernanik etorri berriei egiten dien harrera ezagutu, baloratu eta harrera protokoloa berritzeko asmoz. Prozesu honetan plazaratu zen askotarikoak direla herritarren harrera egiten duten eragileak -Udaleko zerbitzu ezberdinak, ikastetxeak, hezkuntza plataforma, Amher-SOS Arrazakeria, Dobera Euskara Elkartea, Kaxkardi etab.- eta ondorioztatu zen harrera hori koordinatu eta Udaletik ere eskaintzea beharrezkoa dela. Hala, Udalak, besteak beste, gaur aurkeztera gatozen bi ekintzak jasotzen dituen Harrera Protokoloa deituriko plana onartu zuen.

Era berean, 2022 urteari dagozkion “Jatorri aniztasuna zenbakitan” ikerketaren datuak aurkeztu nahi ditu Udalak. Itsaso Lekuona zinegotziak azaldu duen moduan, “aurreko urteetako joerari jarraituz, Hernani populazioan handitzen ari da: 2002. urtean 18.661 biztanle zituen, 2012an 19.284 eta 2022an 20.683. Hauetatik %76 Euskal Herrian jaioak dira eta %11,6 Espainiako estatuan. Munduko beste toki batzuetan jaiotakoak %12,4 dira. Erroldan alta eman duten herritar kopuruari erreparatuz gero, 908 herritar berri iritsi dira Hernanira 2022an eta 692 herritik joan dira”. Datu hauek zehaztasun handiagoz eta jatorria, sexua edo adina bezalako aldagaiekin gurutzatuta ezagutzeko Hernaniko Jatorri aniztasuna zenbakitan webgunean daude eskuragarri.

Harrera Bulego Integrala

Xabier Lertxundiren hitzetan, “datu hauek ikusita eta harrera administrazio publikoaren ardura gisa ulertuta, Hernaniko Udalak biztanle berriei egiten dien harrera indartzea erabaki du”. Horretarako, alde batetik, Herritarren Harrera Zerbitzua zabalduko du Hernaniko Udalak; Harrera Bulegoa sortu du “etorri berriei arreta osatuagoa eta pausatuagoa emateko helburuarekin. Ohiko tramiteez gain, herrian lehen urratsak erraztu, herrian bizitza aktiboa egitera animatu, herritar berri bakoitzak dituen beharren araberako informazioa eman (norbere ezaugarriei egokitua) eta herriari buruzko galdera eta zalantzak argitu ahal izatea da asmoa”, argitu du Irantzu Jauregi Kulturartekotasun Arloko arduradun teknikoak.

Bulegoa Hernaniko Harrera Zerbitzuaren baitan dago kokatua eta Hernanira bizitzera etorritako pertsona guztiei zuzendua dago. “Erroldatzera datozenei eskainiko zaie zerbitzua, baina baita ere erroldatzerik ez dutenentzat irekia da. Ez da, beraz, beharrezkoa herrian erroldatuta egotea zerbitzua jaso ahal izateko”, ohartarazi du Irantzu Jauregik.

Martxoaren 21etik hasita, astearte eta ostiraletan egongo da zabalik 12:00-14:00etara eta ostegunetan 15:00-18:00etara. Hitzordu bidez ariko da eta hitzorduok Hernaniko Harrera Zerbitzuak emango ditu. “Zerbitzu berritzailea da, ez dago horrelakorik EAEn, eta, horregatik, ez dakigu oso ondo zenbat ordu beharko diren, zenbat jendek eskatuko duen... Ibilian-ibilian moldatuko dugu zerbitzua dauden beharretara”, esan du Jauregik.

Hitzorduetan bi norabidetan informatzea da asmoa. “Udalak etorri berriari herrira harrera egin eta garrantzitsua den oinarrizko informazioa eta zenbait gako helaraziko dizkio, Ongi etorri Hernanira! Baliabide gidarekin batera. Halaber, herritarrak dituen interes eta behar zehatzei egokitutako zerbitzu eta baliabideen berri emango dio”.

Etorri berri den herritarrarengandik jasotzen duen informazioari esker, Udalak harrera hobetzeko informazio kuantitatiboa zein kualitatiboa jaso eta sistematizatuko du. Azkenik, balorazio galdetegi labur bat helaraziko zaie hitzordua izan duten herritarrei, Harrera Bulegoaren baliagarritasuna baloratu dezaten.

Ongi etorri Hernanira! Baliabideen gida

Bestetik, argitaratu berri duen Ongi etorri Hernanira! Baliabide Gida berritua aurkeztu du Udalak. Gida horrek herriaren aurkezpena eta bertan eskuragarri dauden zerbitzu eta baliabide ezberdinen inguruko oinarrizko informazioa jasotzen ditu. Sei hizkuntzatan argitaratu du Udalak: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, arabieraz eta errumanieraz. Esan bezala, gida hau Harrera Bulegoaren abiapunturako euskarria izango da eta beste hainbat lekutan egongo da paperean eskuragarri. Horrez gain, Hernaniko Udaleko webgunean argitaratuta dago, aipatutako hizkuntza guztietan PDF formatuan deskargatu ahal izateko.

“Harrera pertsonalizatu horretaz gain, urtean bitan erroldatzen diren eta bulegoan artatzen ditugun herritar guztiei harrera berezi bat ere egingo zaie, udaletxean, aurrez aurre. Hurrengoa maiatzean izango da”, iragarri du Itsaso Lekuona zinegotziak.