Berriak
Atzealdea

Hernanira bizitzera datozen herritarrentzako harrera protokoloa berrituko da aurten

Hernanira etorri berrien Harrera Protokoloa berrikusi eta berritzeko prozesua abiatu du Udalak. Horrela, egun etorri berriei egiten zaien harrera ezagutu, baloratu eta harrera protokolo berritu eta hobe bat sortuko da. Horretarako, harrera prozesuetan parte hartzen duten entitate eta eragile guztiekin lan egitea ez ezik, herritarren iritziak eta ekarpenak ere jasoko dira.

2020·09·21


Hernaniko Udaleko kulturartekotasun arloak Hernanira etorri berrien Harrera Protokoloa berrikusi eta berritzeko prozesua abiatu du. Hasiera batean martxoa eta ekaina bitartean garatzea aurreikusia zegoen arren, COVID-19aren zabalpena ekiditeko ezarritako neurriek prozesua atzeratu dute, eta martxoan hasitako lanari berriro ekingo zaio iraila eta azaroa bitartean.

Prozesuaren helburu nagusia gaur egun Hernanik etorri berriei egiten dien harrera ezagutu, baloratu eta harrera protokolo berritu eta hobetu bat sortzea izango da. Lan hau burutzeko gaur egun harrera prozesuetan modu zuzenean parte hartzen duten entitate eta eragile guztiekin lan egin nahi da, baita herritarren iritziak eta ekarpenak jaso ere.

Harrera prozesuetan parte hartzen duten eragileez ari garenean, eremu ezberdinetatik bizilagun berriekin harremana dutenez ari gara, bakoitzak egiten duen hori ezagutu, baloratu eta hobekuntzak proposatzeko: udal harrera eta udal baliabideak, harrera soziala (herriko elkarte eta eragileen bitartez antolatzen dena), eta hezkuntza komunitateko harrera (bizilagun berriak haur eta nerabeak diren kasuetan, batez ere).

Hiru urrats nagusi ditu prozesuak:

    1. Gaur egun Hernanik etorri berriei egiten dien harrera ezagutu eta baloratu (otsaila – iraila)
    2. Hernanik etorri berriei egin nahi dien harreran pentsatu eta Harrera protokolo zirriborroa egin (urria)
    3. Hernaniko harrera protokoloa kontrastatu, ekarpenak egin eta eragile ezberdinen artean adostu (azaroa)

Otsailean hasi zen lehendabiziko urratsean gaur egun egiten den hori ezagutu eta zuzenean parte hartzen duten horiekin baloratu nahi da, bai harrera egiten duten eragileekin eta azken urteetan, migrazio prozesuak tarteko, Hernanira bizitzera etorri direnekin ere. Horretarako, lehendabizi hainbat elkarrizketa sakon egin dira egungo zerbitzu eta baliabideen inguruko informazio eta balorazioak jasotzeko.

Lehen urratsarekin jarraitzeko, bilera ireki bat antolatu da datorren urriaren 1ean. Bilera ireki honetan elkarrizketetan jaso den informazioa eta balorazioak aurkeztuko dira eta balorazioa hurbildutako guztiekin osatzeko aukera izango da.

Urriaren 1eko bilera 18:00etan izango da Biteri kultur etxean. Osasunaren prebentziorako jarritako irizpide eta neurriak ondo bete asmoz bilera irekian parte hartzeko irailaren 29 baino lehen izena ematea eskatzen da.

Prozesuaren dinamizazioa eta aholkularitza teknikoan Aztiker Soziologia Ikergunea ariko da, eta beraz, izen emateko, honako kontaktuak luzatu dira:
    • Posta elektroniko bidez: mbarrenetxea@aztiker.eus
    • Telefonoz: 943 59 30 06 / 608 01 85 12 (Aztiker)

Konfirmatzerakoan bi galdera egingo zaizkio herritarrari, hizkuntza perfila alde batetik (euskara ulermen gaitasuna), eta haurren zaintzarako baliabiderik behar ote duen, bestetik. Lan saioaren hizkuntza bertaratutako herritarren perfilari egokitua izango da.