Berriak
Atzealdea

Hernanira etorri berrientzako harrera protokoloa aurkezteko jardunaldia egingo da datorren asteartean

Udalak azken urtean zehar egindako prozesuaren emaitzak aurkeztuko ditu datorren otsailaren 2an, 17:00etan, Biteri kultur etxeko areto nagusian. Biztanleria eta herritarren mugikortasuna ohikoa eta iraunkorra dela ulertuta, Udalak hernaniar berriak herriaren parte aktibo izateko eta oinarrizko bizi beharrak asetzearen ikuspegitik Hernanira Etorri Berrien Harrera Protokoloa berrikusi eta berritzeko prozesua garatu du. Horretarako, hainbat kontraste bilera egin dira herriko eragile, entitate eta pertsonarekin, protokolorako proposamen berriak egin zitzaten.

2021·01·29


Udalaren Kulturartekotasun Arloak prozesu bat abiatu zuen iazko urtarrilean, gaur egun Hernanik etorri berriei egiten dien harrera ezagutu, baloratu eta harrera protokoloa berritzeko asmoz.

Izan ere, biztanleen joan etorriak ohikoak dira, 2019an adibidez, 880 herritar berri erroldatu ziren Hernanin, eta 629 herritarrek berriz errolda kendu zuten (Hernanitik joan ziren). Etorritakoen artean %41 Euskal Herriko gainerako herrietan jaiotakoak izan ziren (361 biztanle), % 21,6 Europako beste herrialdeetatik etorriak (190 biztanle), % 30,6 Amerikako herrialdeetan jaiotakoak (270 biztanle), eta % 12,7a afrikarrak (112 biztanle). 2019ko datuak azken urteetako datuen joera eta ezaugarri antzerakoetan kokatzen dira, pertsonen joan etorrien ugaritasuna nabarmen  agertuz.

Biztanleria eta herritarren mugikortasuna ohikoa eta iraunkorra dela ulertuta, Udalak hernaniar berriak herriaren parte aktibo izateko eta oinarrizko bizi beharrak asetzearen ikuspegitik Hernanira Etorri Berrien Harrera Protokoloa berrikusi eta berritzeko prozesua garatu du. Prozesuak bi lan fase nagusi izan ditu: lehendabizi, gaur egun egiten den harrera ezagutu eta baloratu nahi izan da; horretarako datu estatistikoen ustiaketa egin da, eta egungo harrera baloratzeko elkarrizketa sakonak. Bi lan hauekin egungo harreraren diagnosia osatu da. Ondoren, bigarren lan fasearen zeregin nagusia izan da harrera hobetzeko proposamenak eta ekarpenak jaso, eta aurrera begira martxan jartzeko protokolo baten diseinua egitea. Eta, horretarako, hainbat kontraste bilera egin dira herriko eragile, entitate eta pertsonarekin, protokolorako proposamen berriak egin zitzaten.

Ia urtebete luzatu den prozesua bere amaierara iristear da otsailaren 2ko aurkezpen jardunaldiarekin. Horren helburua da hainbat herritar eta eragileren kolaborazio eta ekarpenekin sortu den harrera protokoloa aurkeztea, Udalak arlo honetan hartzen dituen konpromisoekin batera, eta norabide berean, prozesuan parte hartu duten herritar guztiei itzulketa egitea.

Egitarauari dagokionean, honela antolatuko dira jardunaldiak iraungo dituen bi orduak:
    • 17:00 – 17:15. Ongietorria eta aurkezpena
    • 17:15 - 17:30. Harreraren garrantziaz: zein egoeratan bizi gara gaur egun Hernanin?
    • 17:30 – 18:30. Hernanirako harrera plana. Planaren aurkezpena, lehen urrats eta konpromisoak, eta bertaratutako herritarrekin kontrastea.
    • 18:30 – 19:00. Prozesuaren itxiera eta balorazioa

Jardunaldia garatzeko aldibereko itzulpen zerbitzua egongo da, eta horrez gain, haurrak zaintzeko zerbitzua ere eskainiko da, herritarren parte hartzea errazte aldera.

Horrez gain, areto nagusian izango da saioa eta bertan osasunaren prebentziorako irizpide eta neurri guztiak errespetatuko dira.