Berriak

Atzealdea Haur eta Lehen Hezkuntzako lau ikastetxetan hobekuntza lanak egin dira udan

Udalak 495.000 € bideratuko ditu aurten ikastetxeetan mantenu lanetara

2025·09·17


Udako denboraldia herriko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan hobekuntza lanak egiteko baliatu du Udalak. Elizatxo ikastolan, Hernani haur eskolan, Langile ikastolaren eraikinetan eta Urumea ikastolan egin dira lanak.

Elizatxo ikastolan, aterpean egoteko gune lasaia sortu da eta psikomotrizitate gelako biltegiak moldatu dira. Aurten, eraikin berriko goiko solairuetan toldoak ere jarri dira.  

Hernani Haur Eskolako bi gelatan ere toldoak jarri dira eta gelen moldaketa egin da.

Langile ikastolaren hiru eraikinetan egin dira lanak udan. Bidebietako eraikinean gelak margotu dira; Laubidietan, eraikin nagusiko galdara gela berritu da, mantentze lanak egin dira, Karobietako horma egin eta espaloia berritu; eta Meabeko eraikinean gela batzuk eta sabaiak margotu, zorua berritu hainbat geletan eta LED lanpara berriak jarri dira. 

Urumea ikastolan ere galdara gela berritu da, psikomotrizitate gelako pertsianak motorizatu dira, gela batzuetan toldoak jarri eta mantenu-lanak egin dira. Eraikin osoko argiztapena aldatzen ere hasi da udala, baina urte bukaera arte luzatuko dira lan hauek.

Guztira, 495.000 € bideratuko ditu aurten Hernaniko Udalak herriko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako azpiegituretara.