Berriak

Atzealdea Haziera Taldeak ikasturte osoko programa izango dira eta haurdunentzako taldea sortuko da lehenengoz

Izen-ematea hilaren 18tik urriaren 1era egongo da irekita, online

2026·09·18


Haziera taldeak jarriko dira martxan aurten ere Hernanin, 0-5 urte arteko haurrak dituzten familientzat. Iazko harrera ona ikusita, aurten hainbat berrikuntza eskainiko ditu Haziera Taldeetan udaleko Haurren sailak. Hasteko, ikasturte osoko programa izango da: urritik maiatzera. 

Haziera Taldeak haurren garapena ulertu, emozioak eta lotura afektiboak zaindu eta, erronkei aurre egiteko trebatzeko guneak dira.

Gainera, talde berri bat sortuko da haurdunentzat. Beraz, lau Haziera Talde izango dira Hernanin: haurdunena; 0-1 urte arteko haurren familiena; 1-2 urteko familiena eta 3-5 urteko familiena. Lehenengo bi taldeak hamabostean behin elkartuko dira; ume handixeagoak dituzten familiak, hilean behin.

Saioak Familia Gunean izango dira (Gartzia Goldaratz, 7). Julene Armendariz izango da Haziera Taldeetako bidelaguna. 

Izen-ematea, gaurtik aurrera online

Izen-ematea gaur zabalduko da: irailaren 18tik urriaren 1era egongo da aukera, online. Taldeek zortzi familiako kopuru mugatua izango dutenez, gaindituko balitz, itxaron-zerrendak osatuko lirateke. 

Saioak euskaraz izango dira. Hala ere, euskara ulertzen ez duten familiei baliabideak eskainiko zaizkie komunikazioa bermatzeko.