Berriak

Atzealdea HEKIN Egunak izango dira irailetik azaroa bitarte, adin eta errealitate ezberdinetako hernaniarren artean jarduera fisikoa sustatzeko

Irailaren 24tik azaroaren 28ra, hamar jarduera izango dira "jarduera fisikoa osasunarekin, ongizatearekin eta komunitatearekin" lotzeko

2026·09·21


HEKIN Egunen bigarren edizioa aste honetan bertan hasiko da. Irailaren 24tik azaroaren 28ra, jarduera fisikoaren eta kirolaren sustapenerako ziklo honekin "jarduera fisikoa adin eta errealitate ezberdinak dituzten herritarrengana hurbildu nahi dira, bakoitzaren adinari, egoerari eta beharrei egokitutako proposamenen bidez, kirola eta jarduera fisikoa osasuna zaintzeko, harremanak sortzeko, autonomia indartzeko eta komunitatea eraikitzeko tresna gisa ulertuta", azaldu du Axier Mingo zinegotziak. 

Edizio honetan, HEKIN egunen programazioa lau ardatzen inguruan josi da: emakumeen jarduera fisikoa eta ongizatea; adinekoen jarduera fisikoa eta sozializazioa; kirol federatuan ari direnen praktika osasuntsua; eta haur nahiz gazteen jarduera fisikoa eta aisialdi aktiboa. 

Emakumeen kirola eta ongizatea

HEKIN Egunetan, emakumeen jarduera fisikoa eta ongizatea sustatzeko proposamenak izango dira, emakumeen bizitzetako etapa eta errealitateak ikusgarri egiteko eta ahalduntzea sustatzeko. 

Honela, ostegunean Abiatzen garenean... saioa gidatuko du Igone Mariezkurrenak. Emakumeek bidaiatzerakoan bizitzen dituzten egoerei, zalantzei, mugei eta aukerei buruzko gogoeta eta eztabaidarako espazioa izango da (hilak 24, 18:30, Kulturarteko Plaza Feminista). 

Horrez gain, perimenopausia eta menopausia ere landuko dira zikloaren baitan, emakumeen bizitzetako etapa horiek ikusgarri egiteko eta, informazioan, kontzientzian eta osasunean oinarritutako bizipenak sustatzeko. Horretarako, ordu eta erdiko lau saio egingo dira, ikuspegi integraletik: osasun-hezkuntza, talde-dinamikak eta esperientzia praktikoak uztartuko dituzte. Ikastaro honetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da. 

Adinekoentzat, Tapa-Ttapa eta oinezko futbola

HEKIN Egunen bigarren ardatza adinekoen artean jarduera fisikoa eta harreman sozialak sustatzea izango da.

Batetik, Ttapa-Ttapak ikasturte berriari ekingo dio urriaren 1ean. Jarduera fisikoa modu atsegin eta komunitarioan egitea da ekimen honen oinarria, 60 urtez gorako herritarrak jarduera fisikoa egiteko elkartu eta harremanak sendotzeko aukera izango dute (asteazkenero, 10:30, Atsegindegi). 

Bestetik, lehenengo aldiz Oinezko Futbola (walking football) egiteko aukera izango da Hernanin Udalaren, Hernani CDH eta Real Sociedad Fundazioaren elkarlanari esker. 

55 urtetik gorako herritarren artean bizimodu aktibo eta osasuntsua sustatzea helburu, futbola parte-hartzaileen adinari eta ezaugarriei egokitutako modalitatea da. Real Sociedad Fundazioko Ainara Mugak eta Axier Borregok azaldu dituzte modalitate honen ezaugarri nagusietako batzuk: "Oinez jokatzen da, kontaktua saihesten da eta baloia ezin da bularraren gainetik altxatu, besteak beste". 

Lau saio antolatu dira Zubipe futbol-zelaian, ate irekien gisara, dohainik. Real Sociedadeko teknikarien eta Real Sociedad Fundazioaren babesa izango dute. Hernani CDH Oinezko Futbolera batu dela ospatzeko, herriko klubaren eta Real Sociedaden topaketa izango da urriaren 15ean (10:30). 

Kirol federatuan ari diren pertsonen praktika osasuntsua

HEKIN Egunen hirugarren ardatza kirol-errendimenduaren eta kirol federatuaren esparruan ari direnen osasuna izango da. Kirola egitea osasunerako onugarrria bada ere, kirol-praktika egokia eta segurua izatea funtsezkoa da lesioak prebenitzeko eta denboran zehar jarduera fisikoari eusteko. Horregatik, azaroan, kirol-lesioen prebentziorako bi saio izango dira. 

Tailerrak klubetako kirolarientzako izango dira. "Lesio arriskuak murrizteko, prestakuntza fisikoa hobetzeko eta kirola modu seguruago eta iraunkorragoan egiteko ezagutza eta tresna praktikoak eskaintzea" izango da saioen helburua, "kirolari bakoitzak ikasitakoa bere kirol-diziplinan eta entrenamenduetan aplikatu ahal izan dezan", gaineratu du Mingo zinegotziak. Saio hauetan parte hartzeko ere izena eman beharko da aurretik. 

Haur eta gazteentzako, ur-ludoteka

Haur eta gazteentzako jarduera fisikoa eta aisialdi aktiboa da HEKIN Egunen laugarren ardatza. Honela, datorren hiruhilekoan, hilean behin ur-ludoteka antolatuko da udal kiroldegiko igerilekuan. 10 urtetik gorako haur eta gazteek parte hartu ahal izango dute (igeri egiten jakitea derrigorrezkoa da). 

Askotariko jolasak, erronkak eta dinamikak izango dira, begiraleek gidatuta. Helburua igerilekua jardura fisikoa, jolasa eta harremanak sustatzeko espazio gisa erabiltzea da, haur eta gazteei gozatzeko aukera bat eskainiz.

EGITARAUA:

IRAILA

24:

- Oinezko futbola. Ate irekiak (Zubipe, 10:30). + 55 urte

- 'Abiatzen garenean...'. Hizlaria: Igone Mariezkurrena (Kulturarteko Plaza Feminista, 18:30). Emakumeentzat

26: Ur ludoteka (kiroldegiko igerilekua, 10:30). + 10 urte

URRIA

1-8-15: Oinezko futbola. Ate irekiak (Zubipe, 10:30). + 55 urte

7-14-21-28: Ttapa-Ttapa (Atsegindegi, 10:30). + 60 urte

17: Ur ludoteka (kiroldegiko igerilekua, 10:30). + 10 urte

AZAROA

4-11-18-25: Ttapa-Ttapa (Atsegindegi, 10:30). + 60 urte

4-11-18-25: Peri/menopausia mugimendutik (Kiroldegia, 18:30). Emakumeentzat

21-28: Kirol lesioen prebentziorako tailerra (Kiroldegia, 10:00). Klubetako kirolarientzat

28: Ur ludoteka (kiroldegiko igerilekua, 10:30). + 10 urte