Berriak
Atzealdea Hernani Burujaberen egitasmoa aurkeztu du alkateak Bartzelonan
2024·10·02
Politika publiko soziokomunitarioen koprodukzioa Europa mailan izenburuko jardunaldietako mahai inguru batean parte hartu du Xabier Lertxundi Asteasuinzarra Hernaniko alkateak gaur, Bartzelonako Hub Socialean. Zehazki, Bartzelonako Udalak eta ECAS (Entitats Catalans d’Accio Social) elkarteak elkarlanean antolatutako jardunaldian Europa mailako hainbat esperientziaren berri ezagutarazi dituzte bertan parte hartu dutenek, besteak beste, Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak.
Zehazki, mahai inguru batean parte hartu du Lertxundik, Europa mailan antzeko esperientziak dituzten beste eragile batzuekin batera. Solaskide izan ditu Claire Bynner Edinburgoko Unibertsitateko irakaslea -Eskoziako demokrazia parte-hartzaileko adibideak azaldu ditu-, eta Marie France Antona Bonnefaci gizarte zentroko eta Lyongo bizilagun eta merkatariak batzen dituen Place du Pont elkarteko presidentea. Azken horrek Frantziako hiri horretan aurrera eramaten ari diren esperientzia parte-hartzaile horren nondik-norakoak agertu ditu.
Xabier Lertxundi Asteasuinzarrak Hernani Burujaberen esperientzia aletu du bertaratutakoen aurrean. Zehazki, azaldu du nola ari diren herritarren oinarrizko beharrei erantzuten dieten politiken inguruko planifikazioak elkarrekin diseinatzen, udal, herritar eta eragile ekonomikoen artean. “Kooperazioa da lan tresna. Helburua, azken finean, horizontaltasuna sortzea da, herritarren benetako inplikazioa eta administrazioarekin harremanetan jartzeko beste modu demokratikoago bat sortzea. Egun dauzkagun erronkei aurre egiteko beharrezkoa da eragileekin batera sortuko diren planak diseinatzea eta horretan ari da Hernani Burujabe”, azaldu du Lertxundik.
Udaletik herritarrengana
Bartzelonako Udalak ECASi eskatu dio azter dezan Europa mailan ze koprodukzioko egitasmo dauden. ECASeko Itziar Gonzalezek Hernani Burujabe ezagutu zuen Hernanira egindako bisitetako baten, eta “oso interesgarria” iruditu zitzaion, besteak beste, Hernaniko Udala bera izan zelako herritarrei parte hartze modu berri bat ireki ziena. Gaur Itziar Gonzalezek jardunaldiotan egindako hitzaldian, hain zuzen ere, hori nabarmendu du. Eskoziako eta Frantziako beste bi esperientziak, eremu publiko eta herritarraren arteko harremana gauzatu arren, herritarren ekimenez sortu direlako.