Berriak
Atzealdea

Utzi Hernaniko sortzaileen artea zure etxera sartzen

1
Covid-19ak eragindako alarma egoerak kultura programazioa hankaz gora jarri du eta, martxoaz geroztik, Biteriko aretoan aurreikusitako emanaldi guztiak bertan behera geratu dira. Aretoak zabaltzeko zailtasunak luzerako izango direla ikusita, Kultura Sailak ‘Hernani Kultura’ online programazioa jarriko du martxan maiatzaren 6tik aurrera.

2020·04·30


Online programazioaren helburua herriko sortzaileei ahotsa eman eta egoera zail honetan haien lanak sustatzea da, kulturak etenik izan ez dezan. Horrekin batera, etxean ordu asko igaro behar ditugula kontuan hartuta, astean bitan herritarren esku kultur eskaintza interesgarria jartzea. 

Diziplina anitzeko saioak

Emanaldiak astean bitan izango dira, asteazken eta ostiraletan. Asteazkenetan, literaturari lotutako jarduerak eskainiko dira 18:00etatik aurrera, eta ostiraletan, aldiz, 19:30ean hasita, musika, dantza eta antzerkia izango dira ikusgai, besteak beste. Gehienez 15 minutuko saioak izango dira, sortzaile bakoitzak grabatuta.

Programazioa hedabideen zein sare sozialen bidez zabalduko da, eta behin emanaldiaren data pasata, Udalak duen youtube kanalean ikusgai izango dira saio guztiak. Besteak beste, parte harte hartuko dute Kattalin Miner idazleak, Ainara Ortega, Morau, Ainhoa Larrañaga eta Xabi Solano musikariek, Arantza Iglesias dantzariak, Nagore Legarreta argazkilariak eta Maite Franko eta Apaxi ipuin kontalariek.

1