Berriak
Atzealdea

"Hernani mugimenduan" 2021eko udal egutegia osatzeko argazki-lehiaketa abian da

Aurten, lehen aldiz eta COVID-19ak eragindako pandemia dela eta, aurrez aurreko aurkezpena ez da izango eta lanak interneten bidez bidali behar dira. Urriaren 16 arte aurkez daitezke lanak. Urtero bezala, 13 argazki sarituko dira, eta bakoitzaren egileak 40 euroko erosketa txartel bat eskuratuko du herriko saltokietan gastatzeko.

2020·09·10


2021eko udal egutegia osatuko duten argazkiak aukeratzeko garaia iritsi da. Iazko sari-banaketan iragarri zen bezala, aurtengo argazki-lehiaketaren gaia Hernani mugimenduan izango da. Hernani dabilen herria da, herri dinamikoa, zalantzarik gabe eta hori islatu nahi du egutegiak.

Ohikoa den moduan, 13 argazkik osatuko dute egutegia, hilabete bakoitza ilustratzeko bana, eta azalekoa. Egile bakoitzak 5 argazki aurkez ditzake eta gehienez bi izan daitezke sarituak. Horren asmoa da estilo eta egile aniztasuna bermatzea, hau da, herritar gehiagok egutegian azaltzeko aukera izatea, egutegia herritik eta herriarentzat sortua izatea baita lehentasuna.

Argazki saritu bakoitzak 40 euroko erosketa txartel bat darama harekin batera. Herriko sormena eta herriko merkataritza uztartu nahian.

Epeei dagokienez, urriaren 16 arte aurkez daitezke lanak. COVID-19a dela eta, aurtengo egoera apartekoa denez, argazkiak aurkezteko modua ere desberdina izango da. Hartara, interneten bidez egin beharko da irudien bidalketa.

Lanak bidaltzeko: sakatu hemen