Berriak

Hernani Natura Herria, hezkuntzako proiektu pilotua landuko da Hernaniko bost ikastetxetan

Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak babestu eta sustatutako egitasmoa da

2024·09·25


Hernanin hezkuntza mailako proiektu komunitario pilotua martxan jarriko da ikasturte honetan Hernaniko Udalaren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko Berritzegune Nagusiaren eta herriko bost ikastetxeren arteko elkarlanari esker (Aratz ikastola, Elizatxo ikastola, Langile ikastola, Txirrita eskola eta Urumea ikastola): Hernani Natura Herria. Elkarrekin, ikastetxeen inguruan dauden naturguneen sarea osatuko dute.

Gaur, udaletxeko areto nagusian elkartu dira ikastetxe horietako ikasleak eta proiektua ezagutzeko aukera izan dute. Xabier Lertxundi alkateak egin die harrera: “Hernaniarron bizi kalitatea eta ongizatea hobetzeko neurriak hartu nahi ditu udalak klima aldaketaren aurrean eta horretarako, Hernaniko natura eremuak zabaldu nahi ditugu”. Egiteko horretan, herriko ikasleei “haien laguntza” eskatu die Ainara Atorrasagasti, Ingurumen zinegotziak.

Olatz Zabaleta, Berritzegune Nagusiko Ingurumen eta Jasangarritasun arduraduna ere bertan izan da: “Proiektua arrakastatsua izateko ezinbestekoak zarete zuek, ikasleak, eta ikastetxeak”.

Eskola guztientzako erabilgarri izango diren naturguneen identifikazioa

Proiektu komunitario pilotu honetan parte hartuko dute LH 3. eta LH 4. mailako Hernaniko ikasleek. Euren egitekoa ikastetxeen inguruan dituzten naturguneak identifikatu (zelai, baso, parke, urmael, erreka...) eta horien artean, hiru aukeratzea izango da, Hernani Natura Herriaren sarean txertatzeko.

“Ikuspegi orokorrarekin egingo dugu lan. Eskola guztientzako onuragarriak eta erabilgarriak izango diren espazioak identifikatu beharko dituzte ikasleek, alegia, ikuspegi komunitario batetik, Hernaniko ikastetxe denentzako zerbitzura egongo diren naturguneak”, azaldu du Berritzeguneko Iñaki Sanz-Azkuek; bera izango da proiektuaren koordinatzailea.

Orain hasi eta martxoa arteko egitekoa izango dute Hernaniko ikasleek, ikastorduetan landuko dutena, Sanz-Azkueren eta ikastetxe bakoitzeko irakasle koordinatzaileen laguntzarekin. “Ikastetxeen aldetik oso harrera ona izan du proiektu komunitarioak eta oso giro ona dago. Lantalde ederra dugu eta asko ari gara ikasten”, azpimarratu du Sanz-Azkuek.

Lehenengo saioa, gaur bertan

Gaur, Hernani Natura Herria proiektuaren lehenengo saioa egin dute ikasleek udaletxean bertan. Lantaldetan bilduta eta era ludikoan, Atorrasagastik egindako galdera hau erantzuten saiatu dira: “Lagunduko al gaituzue zuen eskola inguruko naturguneak ezagutzen?“.

Naturguneak identifikatu bitartean, Euskal Herriko eta, batez ere, Hernaniko naturguneetan bizi diren animaliak, haien bizitokiak etabar ezagutu eta ikasteko aukera ere izango dute herriko ikasleek.

Aurrerantzean, lanketa ikastetxeetan egingo dute eta datorren urteko martxoan, lanaren emaitza aurkeztuko dute.