Berriak
Atzealdea

Xabier Lertxundi: “Hernaniko oroimena berreskuratzea eta plazaratzea funtsezkoa da gure herrian bizikidetzan aurrera egin nahi badugu”

2
Hernaniko udalean ordezkaritza duten talde politiko guztien ordezkariek aurkeztu dute gaur Hernani Oroimena webgunea. Aranzadirekin elkarlanean egindako ikerketa lanen emaitzak jasotzen ditu webguneak. “Hernaniko oroimen historikoa berreskuratzea eta plazaratzea funtsezkoa da gure herrian bizikidetzan aurrera egin nahi badugu”, esan du Xabier Lertxundi alkateak.

2020·09·18


Hernaniko Udalak, Aranzadi Elkartearekin batera, Hernaniko oroimen historikoa berreskuratzeko ikerketa lanak egin ditu azken urteotan. Motibazio politikoz, Hernanin eta hernaniarren aurka gertatutako giza eskubideen urraketak ikertu eta jaso dituzte: euskal gatazkaren garaia (1960-2018) izan zen lehenengoa, eta ondoren, gerra zibila eta diktaduraren lehen garaia (1936-1945).

Gertuko oroimenaren inguruko ikerketa lanaren emaitza 2019ko urtarrilean aurkeztu zen udalbatzar aretoan. Orduz geroztik, ikerketarekin aurrera jarraitu du Aranzadik eta dokumentazio eta testigantza gehiago eskuratu ditu. Lan hauek irekiak dira, etengabe eguneratzen ari da informazioa. “Datu berriak, artxiboetako dokumentu berriak eta herritarren ekarpenak bildu ditugu”, esan du Javier Buces Aranzadiko ordezkariak eta txostenaren egileak. 

Eguneratze lan horiek egin bitartean, Udalak, Aranzadirekin elkarlanean, abiatu zuen gerra zibilean eta diktaduraren lehen urteetan gertatutako giza eskubideen urraketen ikerketa. Fusilatuen gainean eginak zeuden lanak abiapuntu hartuta, Aranzadik ikusi zuen beste errepresaliatu batzuei buruzko informazioan hutsune ugari zeudela. Hala, espetxeratuak, erbesteratuak, araztuak dokumentatzen aritu dir Aranzadiko ikerlariak hilabeteotan. 

Oraindik bidean dagoen ikerketa horren emaitzak -oroimen historikoari buruz- eta eguneratu duten gertuko oroimenaren lana biltzen ditu www.hernanioroimena.eus webguneak.

Hartara, aipatutako bi ikerketa lan horien emaitzak gaur aurkeztu dituzte Hernaniko Udalean ordezkaritza duten lau talde politikoen hautetsiek -EH Bildu, EAJ, Elkarrekin Podemos-OH eta PSE-. 

Lehenengo pausoa 2015eko urrian eman zuen Udalak. Orduko udal ordezkariak elkartu ziren Ave Maria parkean, Oroimenaren Egunean, Memoriaren Harria jartzeko. 

Xabier Lertxundi alkateak adierazi duenez, “1936tik gaur egun arte motibazio politikoz gure herrian eta herritarren aurka gertatu diren giza eskubide guztien urraketak jasotzeko konpromisoa hartu zuen udal honek 2015ean eta horri eusten diogu; nazioarteko zuzenbidearen irizpideen arabera, modu objektiboan, errelatoaren gatazkan sartu gabe. Beraz, Aranzadi Elkartearen eskutik, 2015ean hasitako bidea urratzen ari gara, Hernaniko oroimen historikoa berreskuratzeko bidea, poliki, alderdi guztien adostasunaz, biktima guztien sentsibilitatea zainduz, baina etenik gabe”, erantsi du alkateak. 

Hurrengo pausua izan zen gertuko oroimenaren ikerketa abiatzea. 1960tik gaur egun arte motibazio politikoz gertatu diren giza eskubideen urraketa guztiak jaso eta dokumentatu zituen Aranzadi Elkarteak. Ikerketa lan mardul horren emaitza 2019ko urtarrilean plazaratu zuten udal talde politiko guztien ordezkariek.

“Gertuko historiaren egia azaleraztea bereziki gogorra izan da, gertukoa izanagatik oroitzapenak eta zauriak oso bizirik daudelako. Hala ere, mingarria izanagatik ere, egin beharreko lana dela uste dugu eta horrela adostu genuen udal honetan ordezkatuta gauden alderdi guztiok”, azaldu du Xabier Lertxundik. 

Javier Buces Aranzadiko ordezkariak gogorarazi du euskal gatazkaren ikerketa lan zientifikoa egin dela, eta horretan 440 biktima dokumentatu dituztela.

Gertuko oroimenaren inguruko ikerketa honen emaitzak

Gertuko oroimenaren ondoren etorri zen oroimen historikoa berreskuratzeko ikerketa.
“Memoria historikoa deitzen diogu horri, baina urrunago egonagatik, oraindik ere samin handia sortzen du orduan gertatutako errepresioak”, adierazi du Lertxundik. 

Bucesek ohartarazi duenez, garai hartako giza eskubideen urraketak gizateriaren aurkako krimenak dira nazioarteko legediaren arabera. Ikerketa horretan 595 biktima dokumentatu ditu Aranzadik. "Baina gehiago izango dira, seguruenik, oraindik ere ikerketa bidean dagoelako".

Oroimen historikoari buruzko ikerketa honen emaitzak

Bi ikerketa horien zabalpena egitea ezinbestekoa dela adostu dute udal ordezkari guztiok. “Egia osoa jakiteko eskubidea du herriak eta guk, erakundeok, hori ikertzeko eta gizartera helarazteko betebeharra”, esan du Hernaniko alkateak.
 
Horretarako, ezinbestekoa izan da udal talde politiko guztien adostasuna eta testigantzak eta informazioa eman duten herritarren parte-hartzea. “Ekarpena egin duzuen herritar guztiei gure eskerrik beroenak eman nahi dizkizuet, hemen gauden ordezkari guztion izenean. Badakigu zaila dela mina berpiztea baina hernaniar guztiok eskertzen dizuegu egin duzuen ahalegina”, esan du alkateak.

“Hemen gauden ordezkari guztiok, hernaniarrak ordezkatzen ditugunok, bat egin dugu gure herriaren sufrimendua azalerazteko, baita biktima guztiei gure dolumina eta babesa erakusteko ere”. 

www.hernanioroimena.eus

1 2