Berriak
Atzealdea Hernaniarrek 29 kultur ekitaldi baino gehiago izango dituzte aukeran datozen hilabeteetan
2025·01·09
Datorren astelehenetik aurrera, ekaina arteko gainerako kultur ekitaldietarako sarrerak eskuragarri izango dira (hilak 13), bai Biteri Kultur Etxean eta baita online ere (kultura.hernani.eus). Urtarrileko ekitaldietakoak dagoeneko salgai daude.
Ilunabarretako emanaldien ordutegi aldaketa izango da nobedadeetako bat, herritarren eskaerari jarraituz: 19:00etan hasiko dira saioak, orain arte baino orduerdi lehenago.
Antzerki zikloa beharrean, hilabetero antzerkia
Antzerki arloan izango da beste aldaketa nabarmena. Antzerki Zikloa desagertu eta helduentzako hilabetero antzerki-eskaintza egongo da: Nahastumbury (urtarrilak 30), Mierda de ciudad (otsailak 6, espainieraz), Arizona (martxoak 20), Zorretan (apirilak 10) eta Eukalyptus (maiatzak 15).
Haur eta familientzako, aldiz, lau izango dira: Kariguri (urtarrilak 25), Moko (otsailak 22), Elara (martxoak 29) eta Olaiaren lorategia (apirilak 12).
Musikan, bertakoak eta Palestinako Sol Band
Musikan, Xabier Zeberioren Pause bakarkako lehen lanaren ondotik (urtarrilak 23), Anarik eta bandak Giza zarata aurkeztuko dute, zutikako emanaldian (otsailak 14), Palestinako Sol Band folk eta pop talde gazatarra (apirilak 3) eta Ruper Ordorika, bakarka (maiatzak 23) ere izango dira.
Horrez gain, herriko bi musika ikasleren gradu bukaerako kontzertuez gozatzeko aukera izango dugu Sandiusterrin: Bittor Carrera Belda oboearekin (apirilak 11) eta Nerea Goñi Ibañez flautarekin (maiatzak 9).
Dantza garaikidea eta tradizionalarentzako tokia
Dantzak ere izango du bere tartea, era garaikide zein tradizionalean. Lana, Osa+Mujikaren berriena (martxoak 13), Aurresku Txapelketako sailkatze faseko froga (martxoak 16) eta Haatik Dantza Konpainiak Herri Gogoa diskografikari buruzko OTS (maiatzak 8) lana izango dira.
Txikienek ere izango dute dantzaz gozatzeko aukera Aukeran dantza konpainiaren Amama (maiatzak 10) lanari esker.
Ahoz Aho Nazioarteko Jaialdia, martxoan eta apirilean
Martxoan (7 eta 14) eta apirilean (3, 4 eta 5) Ahoz Aho ahozkotasunaren Nazioarteko jaialdiaren lekuko izango da Hernani, liburutegiari esker. Helduentzako ipuin-kontaketa saio bat eta haurrentzako beste bi izango dira. Horrez gain, nazioarteko sehaska-kantak entzuteko Lulling time berezia ere izango da bi egunez (apirilak 4 eta 5), Hernanin bertan eta Chillida Lekun, Kanadako Berceurs de Temps taldearekin.
Maite Frankoren, Lur Kortaren eta Ixabel Agirresaroberen ipuin kontaketak izango dira datozen hilabeteetan. Saioak otsailaren 2an, martxoaren 5ean, apirilaren 8an, maiatzaren 6an eta ekainaren 3an izango dira. Irakurketa taldeek bere horretan jarraituko dute.
Bederatzi erakusketa eta zinekluba
Herriko eragileen eskutik ere izango da zertaz gozatua datorren hilabeteetan: Hernani Zineklubak sei emanaldi antolatu ditu. Saio bakoitzeko sarrerak erosteko aukera izango da, baita guztiak ikusteko 12 €ko bonoa ere.
Palestinarekin lotutako bi erakusketa izango dira. Lehena, Pazlestina, Potemkinek antolatutakoa bihartik egongo da ikusgai (hilaren 18a arte). Ondoren, urtarrilaren 20tik otsailaren 8ra, Kulturatik genozidioa stop! izango da.
Kronika egunkariaren 25. urteurrenari lotutakoa izango da ikusgai egongo den beste erakusketa bat: otsailaren 13tik martxoaren 7ra. Ekaina bitarte, gai ugariri buruzko beste sei erakusketa ere izango dira.
Programazioaren liburuxka jaso daiteke eraikin eta zerbitzu publikoetan
Itxura berrituarekin hasiko du 2025a programazioaren liburuxkak. Eskuratu nahi duenak, banaketa puntu hauetan jaso dezake, bihartik aurrera: Biteri Kultur Etxea; Euskararen Faktoria; Haur, Nerabe eta Gazteria saileko bulegoa; Hernaniko Zerbitzu Sozialak; Herritarren Harrera Zerbitzua (HHZ); Kulturarteko Plaza Feminista; Plazara gunea; Sagastialdeko Libgunea; Sandiusterri eraikina; udal euskaltegia; udal kiroldegia; Zikuñagako Libgunea eta Ereñotzuko udaletxea.