Berriak

Atzealdea Hernanik pozik hartu du hondakinen Gipuzkoako tarifa-sistema berria

Urte luzez aldarrikatu dugun eredu bidezkoagorantz egindako urratsa da

2026·06·17


Hernaniko Udalak positiboki baloratu du Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak (GHK) onartutako tarifa-sistema berria. Udalaren ustez, akordioak urte luzez defendatu dugun printzipio bati erantzuten dio: hondakinen kudeaketan ahalegin handiena egiten duten herriek ezin dute beste udalerri batzuen emaitzen ondorioak pairatu. 

Orain arte indarrean egon den sistemak hainbat desoreka sortzen zituen. Hernanik gaikako bilketan emaitza bikainak lortu arren, San Marko Mankomunitatearen barruan dagoenez, Donostiaren datuek mankomunitate osoko emaitzak baldintzatzen zituzten. Horren ondorioz, gaikako bilketa ondo egiten duten herriek egindako ahalegina ez zen tarifetan behar bezala islatzen. 

2025eko datuen arabera, Hernanik %78,48ko gaikako bilketa tasa du. Donostiaren kasuan, aldiz, tasa %40,2koa da. Datu horiek agerian uzten dute urte luzez Hernanin egindako apustuak emaitza nabarmen hobeak eman dituela hondakinen prebentzioan, materia organikoaren bereizketan eta birziklapenean. 

Tarifa-sistema berriak errefusaren eta biohondakinaren kostuak bereizten ditu, eta horrek aukera ematen du hondakinak hobeto bereizten dituzten udalerrien ahalegina modu zuzenagoan aitortzeko. Horrela, kutsatzen duenak ordaintzen du printzipioa indartzen da eta hondakin gutxiago sortzea eta gehiago birziklatzea saritzen duen ereduetara urratsak ematen ditu.

Hernaniko Udalaren iritziz, erabaki hau ez da soilik tarifen inguruko aldaketa tekniko bat. Trantsizio ekologikoaren ikuspegitik ere urrats garrantzitsua da, erakusten duelako ingurumenaren aldeko politikek eta herritarren inplikazioak ondorio positiboak izan behar dituztela, baita sistemaren finantzaketan ere. 

Hernanik urte luzez defendatu du hondakinen kudeaketan emaitza onak lortzen dituzten herriek aitortza izan behar dutela. Zentzu honetan, Udalak uste du akordio berriak desoreka historiko bat zuzentzen laguntzen duela, eta herri guztientzat irizpide objektiboak eta bidezkoagoak ezartzen dituela. 

Trantsizio ekologikoaren aldeko apustu sendoa

Hondakinen kudeaketan egindako bidea Hernanik azken urteetan garatu duen trantsizio ekologikorako estrategiaren parte da. Helburua ez da soilik hondakinak kudeatzea, baizik eta baliabideen kontsumoa murriztea, ekonomia zirkularra sustatzea eta ingurumen-inpaktua gutxitzea.

Horregatik, Udalak azpimarratu du gaikako bilketa-tasa altuak ez direla kasualitatearen emaitza, baizik eta urtetan egindako lanaren ondorioa: herritarren inplikazioa, atez ateko bilketa sistema, materia organikoaren bereizketa eta prebentzio politikak uztartzen dituen eredu baten emaitza dira. 

Tarifa-sistema berriak norabide hori indartzen du eta mezu argia bidaltzen die udalerri guztiei: zenbat eta gehiago birziklatu eta errefusa gutxiago sortu, orduan eta txikiagoa izango da hondakinen kudeaketa-sistemaren kostua.

Hernanik uste du hori dela etorkizuneko bidea, bai ingurumenaren ikuspegitik, baita gizartearen eta ekonomiaren ikuspegitik ere.