Berriak
Atzealdea

Hernaniko 40tik gora saltoki batu dira Ekhilur ordainketa sistemaren sarera

Azkeneko hilabeteetan gogor lanean aritu ondoren, Hernaniko merkatarien sarea aurkeztu du Ekhilurrek, gaur, Biteri Kultur Etxean hainbat eragilerekin batera. Harategiek, barazki dendek, ile-apaindegiek, farmaziek, arropa dendek… sektore askotako ia 40 establezimenduk Ekhi tokiko txanpona onartuko dute gaurtik aurrera, Ekhilur sistemaren bidezko ordainketak baliatuz.

2022·07·04


Proiektua Hernani Burujaberen egitasmoaren baitan kokatzen da eta Hernaniko Udalaren eta Ekhilur kooperatibaren arteko lankidetza-hitzarmenari esker garatu da. Hernaniko biztanleek urtebetez Ekhilur mantentze-gastuak ordaindu gabe probatzeko aukera izango dute udalak abalatuta.

Irailean hobari kanpaina bat abiatuko du Udalak eta horretarako 30.000 euroko diru-partida bideratuko da. Helburua da Ekhiaren erabilera Hernanin sustatzea eta herritar zein saltoki eta enpresei sistema ezagutzeko aukera erraztea.

Ekhilurren izena ematen duen herritar bakoitzak sisteman egiten duen lehen 50 €ko errekargari 20€ko Ekhi kopurua gehituko dio Udalak. Horrez gain, Ekhietan egiten diren erosketa guztiei %10eko hobaria ere gehituko zaio. Kanpaina kreditua agortu arte luzatuko da, gehienez, 2 hilabetez.

Gainera, lehen urtean erabiltzaile guztiak abalatuko ditu Udalak; hau da, ez da bazkidetze koutarik ez mantentze gasturik ordaindu beharko.

Establezimenduei dagokienez, hobarien kanpainan parte hartu ahal izateko, irailaren 5a baino lehen eman beharko dute izena. Informazio gehiago nahi duten herritar zein profesionalek Ekhilur kooperatibarekin hitzorduak eskatzeko aukera dute hernani@ekhilur.eus helbidean edo 944686273 telefono zenbakian. Hitzorduak dendetan, Biterin edota Gabriel Zelaian emango dira.

Ekhilurren sarera batutako merkatarien zerrenda

Ekhilurri buruz:

Zer da ekhilur sistema?

Ekhilur sistema Ekhi tokiko txanponaren erabilera ahalbidetzen duen ordainketa sistema da. Bizum, Paypal edo kreditu- edo zordunketa-txartelen pareko ordainketa-sistema bat da, baina sare propioa sortu nahi du VISA edo Mastercard sarearen mende egon gabe. Sistema hori irabazi asmorik gabeko ekhilur kooperatibaren kontrolpean dago. Kooperatiban herritarrek, enpresek, elkarteek eta udalek parte hartu dezakete.

Zertarako?

Sarearen arauak zehazteko eta gure dirua nondik zirkulatzea nahi dugun kontrolatzeko.

Zergatik?

Ordainketa-sare propio batek bertan daude saltokiak babesten ditu azalera handietatik eta multinazional digitaletatik. Sare propio horretako partaideek sare globalean parte hartzen jarraitu ahal izango dute, baina enpresa handiek ezin izango dute sare lokalean parte hartu. Tokiko merkataritzarako eta bertoko ekonomiarako babesleku bat sortu nahi dugu.

Nola?

Dirua sarean sartzen denean, parte-hartzaileek bakarrik bidali eta jaso ahal izango dituzte ordainketak. Sarea zenbat eta zabalagoa izan, orduan eta erakargarriagoa izango da parte-hartzaileentzat, eta diru gehiago ibiliko da bertan.

Galdera eta zalantza gehiago ditut, nori galdetuko dizkiot?

Gure webguneko dokumentazioa kontsulta dezakezu (www.ekhilur.eus). Posta elektroniko bat ere bidal diezagukezu (hernani@ekhilur.eus). Erabiltzaileari arreta emateko telefono bat ere badaukagu (944 686273).

 

PARTEHARTZAILEEN ADIERAZPENAK

Alex Lopez, ekhilur kooperatibako errektore kontseiluko kidea:
"Pertsonen kontsumo ohiturak aldatu nahi ditugu"

Arantza Eguzkiza, Iparragirre Sagardotegiko gerentea (Hernani):
"Ekhilur proiektua gustatzen zaigu, tokian tokikoa defendatzen duelako eta horixe da gure bizitzeko filosofia"

Xabier Lertxundi, Hernaniko Alkatea:
"Ekhilurrek ahalbidetzen du Hernaniko merkataritzaren alde, bai Udalak bai merkatariek beraiek, egiten dugun ahalegin ekonomikoaren fruitua Hernanin bertan geratzea"

Patxi Ibarguren, Tokiko Garapen, Turismo eta Merkataritzako zinegotzia (Hernani):
"Zerbait berritzailea eta desberdina behar dugu tokiko merkataritza babestu eta salbatu nahi badugu"