Berriak

Atzealdea Hernaniko alkateak gutun bat bidali dio Espainiako Garraio ministroari, Renferen aldirietako zerbitzuengatik kezka adieraziz

2024·05·27


Gutun bat helarazi dio Xabier Lertxundi Asteasuinzarra Hernaniko alkateak Espainiako Garraio ministro Oscar Puenteri. Gutun horretan, Renferen aldirietako zerbitzua jasaten ari den murrizketa eta eragozpenengatik kezka adierazi dio alkateak Garraio ministroari, eta berehala zerbitzua hobetzeko eskatu. “Nire kezka adierazi nahi dizut milaka erabiltzailek jasaten duten egoerarengatik, eta azaldu nahi dizut beharra dagoela zerbitzua hobetzeko eta normalizatzeko, premiazkoa baita lehen zeuden maiztasunak eta ordutegiak bermatzea, bai Brinkola-Irun aldiritako zerbitzuan eta baita distantzia ertainetakoetan”.

 

Izan ere, alkateak gogorarazi dio ministroari 2017an, Gaintzurizketan, AHTan egiten ari diren obren ondorioz, asko gutxitu zirela trenak, eta horri gehitu zaiola berriki, Donostia eta Hernani artean, Loiolako tunelean egiten ari diren lanek sortutako traba. Gauzak hala, gaur egun aldirietako zerbitzuan dabiltzan trenak 2017an ibiltzen zirenen ia erdia dira. 40 tren inguru ibiltzen ziren 2017an bi norabideetan, eta 22 baino ez dira ibiltzen gaur egun.

 

Horrekin batera, herrien artean trenek iristeko behar zuten denbora ere asko handitu da. 2016an, Irun eta Brinkola artean, batez beste ordu eta erdi inguru ematen zuten trenek. Gaur egun ia bi ordu egiten dute.

 

Horren guztiaren ondorioz, herritarrentzat “garraio jasangarri, irisgarri eta unibertsal” horrek izandako egoerari irtenbide bat emateko eskatu du Lertxundik.

​​​​​​​

Espainiako Gobernuari ez ezik, Eusko Jaurlaritzara ere igorriko du gutun bat alkateak, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailera. Izan ere, trenbide eskuduntza gauzatzen denean, harena izango da aldirietako zerbitzuen ardura, eta, beraz, haren esku egongo da ere egun zerbitzuak bizi duen egoera zuzentzea.

 

​​