Berriak
Atzealdea

Hernaniko Auzozaintza programa azalduko du Xabier Lertxundi alkateak EHUko udako ikastaro baten baitako mahai-inguruan

Hernani Burujaberen barruan garatzen ari den Auzozaintza programaren berri emango du Xabier Lertxundi alkateak bihar, hilaren 15ean, EHUko udako ikastaroen baitan Zaldibian antolatu den mahai-inguruan.

2022·07·14


Mahai-inguru hau ikastaro zabalago baten azken jarduera izango da. Izan ere, “Gizartea bere espazio publikoen antolakuntza eta eraldaketan” izeneko ikastaroa Xotil Natke Miguez eta Koldo Telleria Andueza arkitektura irakasleek antolatu eta zuzenduko dute, eta herri burujabeak eraikitzeko helburuz, espazioaren diseinuan hartu beharreko neurriak aztertzea izango du ardatz.

Astebete iraungo du ikastaroak, uztailaren 7tik 15era bitarte. Azken egunean, “Zaintzen gaituzten herriak” mahai-ingurua egingo da eta Zaldibia, Hernani, Usurbil eta Segurako alkateek hartuko dute hitza.

Partaide bakoitzak bere herrian zaintzaren inguruan diseinatutako egitasmoa aurkeztu eta horren funtzionamendua azalduko dute. Ondoren, eztabaidaren bitartez, udalerrietako zaintzaren inguruan hausnarketa kolektibo bat sustatzea izango da asmoa, baita sortzen ari diren egitasmo berriak saretu eta elkarren eraginez leku ezberdinetara eramatea ere.

Izan ere, herri burujabe eta seguruak eraikitzeko bidean espazioaren antolamendua antolatzeko garaian, gero eta ohikoagoa da haurren, helduenen, behar bereziak dituzten pertsonak aintzat hartzea. Ondorioz, elkarren arteko zaintzara bideratutako proiektuak gero eta ugariagoak dira gurean.