Berriak

Atzealdea Hernaniko beste hiru zubitan hondakinak uretara ez isurtzeko saretak jarri dira

Portu, Lastaola eta Ereñotzun egin dira ekintzak

2024·10·22


Hernaniko beste hiru zubitan hondakinak uretara ez isurtzeko sareta herdoilgaitzak jarri ditu Hernaniko Udalak: Lastaola poligonoan (Orona ondokoan), Portu auzoan eta Ereñotzun. Honela, guztira herriko sei zubitan dago jarrita hondakinak uretara heltzea saihesteko sistema, iaz Zinkoenean, Lastaola poligonoko beste zubi batean eta Ibaiondoko zubietan jarri baitzen.

Urumea ibaiaren garbiketa integralaren parte dira ekintza hauek, ibaira hondakin gutxiago isurtzeko prebentzio neurria. Horrez gain, sentsibilizazio kanpaina gisa, zubietan zazpi txapa jarri dira eta 10 kartel natur eremuetan.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza

Lan horiek egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza jaso du Hernanik. 21.352,50 euro bideratu dira zaborren pilaketa fokuen prebentzioan eta zuzentzean laguntzeko. Urumea ibaiaren garbiketa integrala eta Goiz Eguzki parkeko garbiketa lanak (1.020,9 kilo hondakin jaso ziren) ere dirulaguntza horrekin gauzatu dira.

Aurten 3.577,375 kg hondakin garbitu dira Urumea ibaiaren Hernaniko zatian. 2,5 kilometro ibilgu garbitu da, hilero gune desberdina. Garbiketa horietan jasotako hondakinak aste honetan ikusgai daude Gudarien plazan, Asteklimaren baitan.