Berriak

Hernaniko Erdi Aroko jendartea eta pasarteak ezagutzeko parada eskaintzen du Hernani Hiribilduaren bisita autogidatuak

Hernani hiribildua bisita gidatua aurkeztu dute gaur Hernaniko alkate Xabier Lertxundik eta Turismo Arloko ordezkariek. Lertxundik azaldu duenez, “bisita honen helburua da Hernani Erdi Aroko hiribildua balioan jartzea eta bai hernaniarroi bai bisitariei gure herriko garai hartako historia, ondarea eta pasarteak modu atsegin batean hurbiltzea. Ibilbide autogidatu bat da, norberak bere kabuz edo taldean egin dezakeena...”

2023·01·30


Izan ere, Hernani Erdi Aroko hiribildu bat da, hainbat mendetako historia eta ondare historiko eta artistiko garrantzitsua jasotzen duena. Eta, horregatik, Hernaniko hirigune historikoa Kultura Ondasun deklaratuta dago, Monumentu Multzoaren kategorian.

“Urteak joan urteak etorri, istorio batzuk beste batzuen gainetik jarri direla dirudi, garai bateko herri harresitua ia ikusezin bihurtzeraino. Horregatik, Udalaren konpromisoa gure ondarea zaintzea eta balioan jartzea izan da beti eta horretarako hainbat ekimen abiatu ditugu, eta gaur aurkezten ari garena horren isla”, erantsi du alkateak.

Lertxundik gogorarazi duenez, hiribilduaren bisita autogidatuaren ideia joan zen legealdian sortu zen. Orduko Udal Gobernua Orain Hernani (egun Orain Hernani-Elkarrekin Podemos) udal taldearekin batera lantzen aritu zen. Hartu-eman haren lekukoa hartu dute egungo udal ordezkariek eta emaitzak orain ikusi du argia.

Patxi Ibarguren Turismo Arloko zinegotziak gogora ekarri duenez, “2020 urtean hasi ginen ideia horri forma ematen Turismo Arloak ere hutsunea antzemanda zuelako. Izan ere, informazio puntuak kaxko historikoko bisita gidatuak eskaintzen zituen, baina horiek garai jakin batzuetara mugatzen ziren: uda, txotx garaia eta bakailao astea.

“Urte osoan zehar eta nahieran egin ahal izateko, bisita gidatu hura egokitu eta euskarri digital batean jasotzea aukera egokiena zela ebatzi genuen. Pandemian zehar aritu ginen edukia lantzen. Batetik, turismo alorrean eskarmentu handia duen Bo5t talde grafikoarekin, eta, bestetik, udal artxiboa eta Turismo Arloarekin”.

“Hernaniko herria ziur aski XIII. mendearen bukaeran sortuko zen, baina ez dakigu zehazki noiz. Herriari buruzko lehen erreferentzia dokumentala 1380koa da. Erdi Aroko herria Urumea ertzean kokatu zen, kasko batean, Gipuzkoako kostaldea eta barruko aldea lotzen zituen bide nagusietako batean. Hiribildua izan zen eta, mugatik hurbil zegoenez, arma plazatzat hartu zen, sortu zenetik Gipuzkoaren historiarentzako oso garrantzitsua izan zela”, azaldu du Ibargurenek.

Eraikitako etxe gehienen tipologia XVIII. mendekoa da eta Erdi Aroko eskema gordetzen du, hau da, fatxada estua eta fondo asko duten etxeak.

Parroki-eliza hirigunearen barruan dago, baina albo batean. Harresiaren zati gisa eraikia dago, horrelako herrietan ohikoa den moduan. XVI. mendeko eraikina da eta ate barroko izugarri ederra dauka. Horren aurreko aldean frontoia dago eta, haren ondoan, berriz, udaletxea, herriaren ate zaharretako baten gainean eraikitako eraikin eklektikoa.

Jaione Irazuk eman du webgunearen inguruko zehaztasunen berri; zeintzuk diren edukiak eta erabiltzeko moduak  azaldu ditu. “Bederatzi geldiune daude. Hasiera Zinkoenean dago. QR bidez iristen da edukira. Mapa bat dago. Bertatik, testua irakurtzeko edota entzuteko aukera dago”.

5 hizkuntzetan dago: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta katalanez. Webgunearekin batera, Erdi Aroko hiribilduaren informazioa ematen duten eskuorri batzuk ere badaude eta info puntuan zein Biterin jasotzeko aukera dago.

Zinkoeneako turismo informazio puntua ostegunetik irekita

Horrez gain, otsailaren 2an Zinkoeneako informazio puntua zabalduko da. Ordutegi berria eta bisita gidatua egiteko aukera izango da. Irazuk argitu duenez, “eragileek bisita gidatua egiteko aukera dute urte osoan: zerbitzu hori martxan jarri zenetik, AEK, AMHER eta Aratz ikastolak egin dute. Eragile guztiok animatzen ditugu aukera hori aprobetxatzen. Horretarako, Turismo Arloko arduradunekin harremanetan jarri behar dute.