Berriak
Atzealdea Esperientziak partekatzen ari da Hernani Bidezko Eraldaketarako Udalerriak Europan (MEET) proiektuaren baitan
2022·09·19
Bidezko Eraldaketarako Udalerriak Europan (MEET) proiektuak administrazio publikoa eta gizarte zibila biltzen ditu, Europan aurrean ditugun erronkez jabetzeko eta horiei aurre egiteko lankidetza-moduak aztertzeko.
Proiektuak Euskal Herriko, Portugalgo, Poloniako, Italiako eta Frantziako kideak ditu eta Europan izaten ari diren 8 ekitaldietan jorratzen ari dira honako gai hauek: COVIDen osteko erresilientzia eraikitzea, pentsamendu sistemikoa, anti-arrazismoa eta justizia soziala, gobernantza partekatua eta ekonomia solidarioa.
2017az geroztik “Trantsizioan dauden udalerriak” (MiT) nazioarteko proiektuan parte hartu duten zenbait udalerriren esperientzian oinarritzen da proiektua. Udalerri horiek beren lurraldean aldaketa sakon eta iraunkorrak ezartzeko konpromisoa hartu zuten, eta bidezko jendartea lortzeko pausoak ematen ahalegindu dira. Aldi berean, klima-aldaketaren ondorioei erantzuten dieten politika publikoak eta jokabide-aldaketak aktiboki sustatzen aritu dira orduz geroztik.
2017az geroztik, Europako 10 udalerrik baino gehiagok hartu dute parte proiektuan, eta ordezkari politikoak, teknikariak, ekintzaileak eta herritarrak bildu ditu, beren esperientziak, ikaskuntzak, erronkak eta sinergia-aukerak partekatzeko proiektuak duen Praktika-Komunitatearen bidez.
Lan horretatik abiatuta, MEET proiektua diseinatu da hainbat lurralde-eragileren artean lankidetza esanguratsurako espazioak sortzeko. Espazio horietan zentroa, arretagune nagusia, pertsonen ongizatea eta natura-ingurunea dira. Gure helburua inplikatutako udalerrientzako gaitasunak, trebetasunak eta ezagutzak garatzea da, justizia sozialean eta jendartean baztertuak izateko arriskuan dauden taldeetan arreta jarriz.
Hernaniko partehartzea
MEET Trantsiziorako herrien arteko topaketetan parte hartzen ari da Hernaniko Udala, bere egitasmoak Europako gainerako herrialdeekin partekatzeko.
Hernaniko Udalaren jardunari aitzindari iritzi diote hainbat alorri dagokionean: Ingurumena, Ekonomia, Euskara, Berdintasuna zein Kulturartekotasunean, besteak beste.
-Ingurumenaren jasangarritasunerako, ZeroZabor politika aurkeztuko du: hondakinen gaikako bilketa sistema (atez ate) edota ZeroZabor hozkailua izango ditu hizpide.
-Ekonomia sozialaren alorrean, aipagai izango ditu Iturola Elkarlan Sorgunea zein Ekhi tokiko monetaren aldeko apustua.
-Euskaraz bizitzeko hautua egiten du Udalak: Euria ari du dinamikaren bidez sustatzen diren hizkuntza irizpideak aurkeztuko ditu.
-Genero Berdintasunaren alorrean ere bada zer partekatu: Udalak Genero Zeharlerrotasuna sustatzeko martxan jarritako lan-ildoa zein emakumeen ahalduntzerako zerbitzu eta baliabideak aurkeztuko ditu, besteak beste, Emakumeen Jabetze Eskola eta Kulturarteko Plaza Feminista.
-Azken horren eskutik, Kulturartekotasuna sustatzeko Udalak dituen egitasmoei ere toki egingo zaio: Harrera Gida eta Amher Sos Arrazakeria Elkartearekin duen hitzarmena aurkeztuko ditu.
Lehen ekitaldia, Portugalen
Meet egitasmoaren lehen topaketa Vilanova de Famalicao Portugalgo herrian egin zen. Hernaniko ordezkariak bertan izan ziren. Politika Sozialetako buru Irantzu Jauregik, Berdintasun Arloko teknikari Jone Arrazola eta Elhuyar aholkularitza enpresako Lur Etxeberriak azaldu zituzten Hernanin egiten ari diren proiektuak.
Lehen eguna partehartzaileen elkar ezagutzeari eskaini zioten; Hernaniko Udaleko ordezkariek udalerria aurkeztu zuten; herriko ezaugarri eta berezitasunak hizpide izan ziren. Jendarte justu eta jasangarriago baterantz hainbat alorretan emandako pausuak aipatu zituzten: ingurumena, ekonomia, berdintasuna, kulturartekotasuna eta euskara.
Horrez gain, lehen eztabaidari hasiera eman zioten: Zein Europa nahi dugu? galderari erantzun genion. "Topaketan adituak entzuteko tartea ere izan genuen. Lorenzo Benini (European Environment Agency) eta Marta Mattiolik (Mattioli Consulting) krisi ekologikoaren erronkaz hitz egin ziguten", azaldu du Jone Arrazola Berdintasun teknikariak.
Azkenik, "Europa justu eta jasangarriago baten aldeko ekinbidea nola erdietsi gogoetatu genuen eta horretarako arazoak irakurtzen ikasteko tekniketan trebatu ginen", erantsi du Arrazolak.