Berriak
Atzealdea Hernaniko euskaltegiek matrikulazioa kanpaina aurkeztu dute, Udalarekin batera
2026·09·01
Hernaniko bi euskaltegietan, Hernaniko Udal Euskaltegia eta Hernaniko AEK, izena emateko epea zabalduko da datozen egunetan. Gaur, bi euskaltegietako arduradunek eta Hernaniko Udalak elkarrekin aurkeztu dute kanpaina.
Axier Mingo Euskara zinegotziak aurten ere hernaniarrak "euskara ikastera edo hobetzera" animatu ditu. Horretarako, A1tik C2 maila arteko eskaintza dago herrian, alegia: euskara ikaskuntza prozesua osoarena, modalitate ezberdinetan.
Mingok adierazi duenez, "Hernaniko Udalak euskara ikastea doakoa izan behar lukeela sinesten du, euskara ikastea edonoren eskura egon behar lukeen zerbait baita, horrek gure herriaren kohesioan, bizikidetzan eta aberastasunean laguntzen duelako".
"Jarraipen pertsonalizatua" udal euskaltegian
Hernaniko Udal Euskaltegiko zuzendari Izaskun Arrietak azaldu du euren egitekoa "hernaniarren eta etorri berri direnei beren helburuak lortzen laguntzea" dela, "euskara ikasi, hobetu, euskara mailak egiaztatu... Ikasleei euskaraz erraztasunez komunikatzen laguntzea dugu helburu nagusi".
Udal Euskaltegian "ikasleen jarraipen pertsonalizatua" egiten dutela azpimarratu du Arrietak, "eta ordutegi zabala dugu: goizetik ilunabarrera. Horrez gain, matrikula ordaintzeko erraztasunak ematen ditugu, dirua ez dadin izan euskara ikasteko arazo".
Gaurtik irailaren 25era egongo da zabalik matrikulazio epea udal euskaltegian. Izen-ematea bertan egin ahal izango da, eta baita online ere Hernaniko Udalaren izen-emate orriaren bidez.
AEK-n, "maila guztiak eta ikasleen beharretara egokitutako klaseak"
Hernani AEK euskaltegiari dagozkionak bertako irakasle Uxue Apaolazak eman ditu. "AEK-n gustatzen zaigu esatea euskara ikastea bizikletan ibiltzen ikastearen modukoa dela: ibiltzea ez da soilik helburua, bidea ere bada. Ibilbide horretarako tresna eta konpainia bila dabiltzanentzat, eskaintza zabala dugu".
Maila guztiak eskaintzen ditu AEK-k, "ikasleen beharretara egokitutako klaseekin".
"AEK herritik sortu zen duela mende erdi eta herriaren parte da oraindik: ikasleak laborategitik beren eremu naturalera ateratzea ikasketa metodo da gurean". Horren adibide aipatu ditu Zilegi Eskolak, "herri osoarentzako" direnak. "Euskaraz izan nahi baduzu, etorri".
Irailaren 2tik 30era egongo da irekita matrikulazio epea AEK-n.
Euskara ikasteko laguntza ekonomikoak
"Oraindik erabateko doakotasuna ez bada ere posible, bide horretan urratsak ematen ari gara", gaineratu du Mingo zinegotziak. Honela, aurten ere, euskara ikasteko erraztasunak emateko asmoz, udalak diruz lagunduko ditu euskaltegietan euskara ikasiko duten hernaniar guztiak (matrikularen %70 eta %90 arte, kasu bakoitzaren arabera).
Horrez gain, HABEren dirulaguntzen onuradun ere izango dira Hernaniko euskara ikasleak: C1 mailan, 16 eta 18 urte arteko gazteak eta ikasturte honetan, Euskara Bonoa izeneko laguntza berria jarriko du martxan HABEk A1 eta A2ko ikasleentzat. Ordu-poltsa gisako bat izango da eta 120 € ordainduko du ikasleak.
Euskara ikasle guztientzat, Ziztadak pin bat opari
Hernaniko euskaltegietan matrikulatzen diren ikasle guztiek opari Natalia Martinezek Hernaniko Kultur Sorkuntza Bekan ZIZTADAK proiektuan sortutako pin bana jasoko dute.
Euskalduntze prozesua dibertigarria eta motibagarria egitea du helburu Ziztadak proiektuak, Natalia Martinezek bere euskalduntze prozesutik abiatu duena. Euskararen ikasketa prozesua sei etapatan banatu du eta bakoitzarentzako, pin umoretsu bat sortu. Ikasle edo euskal hiztun bakoitzak, dagokion mailaren araberako pina jasoko du.
Horrez gain, hilaren 17an Ziztadak tailerra izango da (Plaza Berria, 18:00-20:00), Martinezek berak gidatuta. 16 urtez gorako herritarrek -euskara ikasten ari direnak edota euskara ikasleei bidea erraztu nahi dieten euskal hiztunak-, norbere pin-a sortzeko aukera izango dute. Parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da hola.balma@gmail.com-era idatzita.
"Pina egunerokoan erabiltzera gonbidatu nahi ditugu hernaniarrak, herritarren arteko konplizitate sare bat sortzeko, eta euskararen erabilera areagotzeko", erantsi du Mingok.
Mintzalaguna, euskaraz modu informalean aritzeko espazioa
Dobera euskara elkarteak Mintzalaguna martxan jarriko du ikasturte honetan ere. Helburua, euskara ikasten ari edo hobetu nahi dutenak euskal hiztunekin elkartu eta "euskara, talde txikian, modu informalean eta doan praktikatu" ahal izatea. "Mahai baten bueltan, tabernan edota mendian izan daiteke".
Xabier Ezponda Doberako dinamizatzaileak azaldu duenez, "taldeak sortzeko behar den bakarra euskaraz ulertzen duten eta ikasteko gogoz dauden mintzalagunak eta taldea bideratuko duen bidelaguna dira. Bidelagunak ez du irakasle paperik beteko, eskuzabaltasuna eta eragiteko gogoa dira behar diren gauza bakarra".
Mintzalagunan parte hartzeko izen-ematea urrian jarriko da martxan, Dobera elkartera hurbildura edo web bidez. "Batez ere euskal hiztunei egiten diegu dei, parte hartzera animatzeko", gaineratu du Ezpondak.
Erabat doakoa da Mintzalaguna parte-hartzaile guztientzat. Hauek ere jasoko dute Ziztada pin bana.
HARREMANETARAKO:
Hernaniko Udal Euskaltegia
Helbidea: Karobieta, 63
Ordutegia: Astelehena eta asteazkena: 09:00-16:00/Asteartea eta osteguna: 12:00-19:00/Ostirala: 08:00-15:00
Telefonoa: 943 331 896
E-posta: euskaltegia@hernani.eus
Hernaniko AEK
Helbidea: Larramendi, 11
Telefonoa: 607 592 864
E-posta: hernani@aek.eus
Dobera euskara elkartea
Helbidea: Larramendi, 11
Telefonoa: 943 33 27 99
E-posta: dobera@dobera.eus

