Berriak

Atzealdea Hernaniko Euskararen Kontseiluak urtea bete du

2024an 15 egitasmo izan ditu eskuartean eta 2025erako, 22 onartu ditu

2025·01·23


Hernaniko Euskararen Kontseiluak sortu zenetik urtebeteko bidea egin du. Aste honetan, Euskararen Kontseilua osatzen duten elkarte eta erakundeetako ordezkariak elkartu dira urtebete honen balorazioa egiteko eta 2025erako erronkak zehazteko.

2024an 15 egitasmo izan ditu eskuartean Euskararen Kontseiluak. Familia transmisioa (aholku eta estrategien gida sortu da haur hezkuntza bitarteko haurrak dituzten familian artean banatzeko); kirola (16 urte arteko haur eta gazteekin lan egiten duten kirol klubetan euskararen erabilera neurtzeko diagnostikoa egin da); hezkuntza (jatorria atzerrian duten 12-16 urte arteko gazteentzako jarduerak antolatu ziren udan Gaztelekuarekin batera) eta merkataritzan (Euskaraz barra-barra identifikagarria jarri dute 14 establezimenduk).

2025eko erronkak zehaztu dituzte

2025erako 22 egitasmo onartu ditu Hernaniko Euskararen Kontseiluak. Horietako batzuk jarraipena izango dira eta beste batzuk, berriak.

Kirolean, 16 urtez azpiko haur eta gazteekin aritzen diren klubetan euskararen erabilera areagotzeko planak adostuko dira.

Hezkuntzan, gazteek euskaraz ondo pasatzeko aisialdiko jarduerak antolatzeko egitasmoa jarriko da martxan. Atzerritik iristen diren 12 urtez beherako haurrek udalekuetan partze hartzeko programa ere jarriko da martxan.

Familia transmisioari dagokionez, AEK-k Gurasolagun jarriko du martxan, euskara hobetu eta praktikatu nahi duten gurasoei gune erosoak eskaintzeko.

Merkataritzan, atzerrian jatorria duten merkatariei eskolak eskainiko zaizkie euren establezimenduetan bertan.

Hernaniko Euskararen Kontseiluan parte hartzen dute Udalak, Dobera Euskara Elkarteak, UEMAk, Hernaniko AEK-k, AMHER-ek, Berriak elkarteak, herriko ikastetxeek (Aratz ikastolak eta Txirrita eskolak ordezkatuta), Kaxkardi asialdi taldeak eta herriko kirol elkarteek (igeriketa eta eskubaloi taldeek ordezkatuta).