Berriak

Atzealdea Hernaniko Gazte Sortzaileen Laborategia jarriko da martxan

12 eta 17 urte arteko nerabe sortzaileen arteko zein herriko praktika eta ekimenekiko harremana sustatzea da helburua

2026·09·23


Gazte Sortzaileen Laborategia martxan jartzera doa. Hernaniko 12 eta 17 urte arteko nerabeei kultur politiketan tokia egiteko prozesua izango da, urriaren 2tik azaroaren 27ra lau esperimentazio saiotan abiatuko dena.

Gaur, Aitor Lukas Gazteria zinegotziak, Xaxaka parte-hartze elkarteko Laia Etxandik eta Artaziak kooperatibako Ana Revueltak jendaurrean aurkeztu dute Gazte Sortzaileen Laborategiaren proiektua.

Lukasek azaldu duenez, Gazte Sortzaileen Laborategiaren helburuak "herriko nerabeen kezkak, aldarrikapenak, gogoak eta desioak entzutea; haien arteko zein herriko kultur praktika eta ekimenekiko harremanak sortzea; nerabeen emantzipazioa, autoantolaketa eta autokudeaketa sustatzea eta, noski, sormenari bide ematea" dira. 

Horretarako, Udaleko Gazteria sailak Artaziak eta Xaxaka izango ditu lagun. Ana Revuelta Artaziak-eko kideak azaldu duenez, "esperimentaziotik asko izango du prozesu honek, horregatik jarri diogu laborategi izena eta ez du helmuga zehatzik: bidea elkarrekin egitea izango da prozesua, elkar ezagutzea eta esperimentatzea".

Laborategiak lau saio izango ditu, urriaren 2tik azaroaren 27ra. Saioetako bakoitza laborategi bat izango da. Xaxaka elkarteko Laia Etxandi izango da gazte sortzaileen bidelaguna. 

Lehenengo saioan, ELKARTU izenekoan, Aristizabal 7n elkartuko dira nerabeak eta plazan dagoen banku bat apainduko dute. Urriaren 23an, BARRUAN ariko dira, izan ere, Biteri kultur etxean gaua pasatzea da proposamena. Azaroaren 23an, KANPOAN ibiliko dira, kultur proposamenak paseora aterata. Azken saioan, ZABALDU, egindakoa zabaldu eta kontatuko dute. 

Gazte Sortzaileen Laborategian parte hartzeko interesa izan dezaketen nerabeekin harremana ikastetxeen eta herriko kultur eragileen bidez egin da. Hala ere, interesa duen edozein gaztek du aukera parte hartzeko. Horretarako, Gazteria sailarekin harremanetan jarri beharko du. 

GAZTERIA SAILA:

Whatsappa: 605 715 607 

Instagrama: @hernanigazteria