Berriak
Atzealdea Hernaniko Haurren Kontseiluak lau eskari zehatz egin dizkio Udalari
2025·06·02
Hernaniko Haurren Kontseilua osatu duten 19 ordezkariak udal arduradunekin elkartu dira gaur, euren eskaerak egiteko, azalpenak emateko eta konpromisoak adierazteko. Honela, Biteri Kultur Etxean Xabier Lertxundi alkatea eta Aitor Lukas Partaidetza zein Haur, Nerabe eta Gazteria zinegotziarekin aurrez aurre bildu dira. Aratz, Elizatxo, Langile eta Urumea ikastoletako irakasle ordezkariak ere han izan dira.
Ikasturtean zehar lantzen eta pentsatzen aritu direnak azaldu dituzte ikasleek. Lau eskaera nagusi izan dituzte Udalarentzako, eta beste hainbeste txokotan prestatutako aurkezpenen bidez jakinarazi dituzte horiek.
Lehenik eta behin, iturrien egoeraren inguruko hausnarketa partekatu dute. Esan dutenez, “kalean iturriak egotea oso garrantzitsua da baina batzuk ez daude oso egoera onean”. Mapa batean jarri dituzte euren iritziz hobetzeko beharra duten iturri publikoak. Bereziki aipatu dituzte “Ezkiaga eta Ave Mariakoa”.
Bigarren eskaera Atarrabiyo parkearen ingurukoa izan da. “Nahi genuke berritzerakoan eskalatzen igo eta txirristatik jaisteko zuhaitzak jartzea, Bertizen dagoenaren antzera; zuhaitzetik zuhaitzera pasatzeko gunea; parkea koloretsuagoa izatea; komuna; aterpetxo bat eta tirolina”.
Lertxundik eta Lukasek Atarrabiyo parkea berritzeko proiektua “prestatua” dagoela azaldu diete, “eta zaila da hori aldatzea”. Hala ere, Udalak “haurrekin elkarlanean zerbait egitea begi onez” ikusten duela adierazi diete. Ideia gustatu zaiela adierazi dute Haurren Kontseiluko kideek.
Txikilekua, “eraikin bat guretzako”
Ondoren, Biteri Kultur Etxeko zinema saioetan “jateko aukera” egotea eskatu dute. “Aretoan zakarrontzia, erratza eta lanbasa” eskatu dituzte, “filma bukatzean dena txukun uzteko”. Haurrek adierazi duetenez “azala eta saltsa duten gauzak ezingo lirateke jan”.
Udalak gai hau Kultura sailarekin aipatu duela adierazi die Aitor Lukas zinegotziak. “Prest daude urrian proba egiteko, zenbait baldintza jarrita, Biteriko aretoa ez baita zinemarako bakarrik erabiltzen. Probaldiko saioetan zuek ere egotea proposatzen dizuegu, nola geratzen den baloratzeko”. Haurrek baietz esan dute eta horrez gain, filmaren aurretik emateko anuntzio pedagogiko bat egiteko prest agertu dira.
Azkenik, Txikilekua eskatu dute Hernaniko haurrentzat. “Eraikin bat nahi dugu, hiru pisutan banatua, gu egoteko. Ez dugu gauza antolatuak egotea nahi” eta azaldu dute nola banatu nahi luketen Txikilekua: “Lehenengo pisuan egoteko tokia, bigarrenean tailerrak egitekoa eta hirugarrenean, txikiagoentzako tokia, txikipark moduko batekin”. Ametsetako Txikilekua litzatekeenaren planoak ere erakutsi dituzte haurrek.
Xabier Lertxundi alkateak aipatu die “proiektua zaila” dela, izan ere “Udalak ez du eraikin hutsik”. Hala ere, Urumea ikastola zenaren tokian kultur ekipamendu berria eraikitzean Biteri Kultur Etxeko espazio batzuk libratuko direla aurreikusten dela aipatu die Aitor Lukasek eta galdera bota: “Zer iruditzen zaizue Biteriko espazio batzuk Txikileku izateko bideratzea etorkizunean?”.
Haurren Kontseiluan parte hartu dute LH5 eta 6ko ikasle ordezkariek. Gustura aritu dira eta horren adibide, bukaeran luzatu duten eskaera: “LH5ekook hurrengo urtean berriz Haurren Kontseiluko ordezkari izan gaitezke?”.