Berriak

Hernaniko herritarren hizkuntza aniztasuna aintzat hartuta, gertuko arreta emateko Dualia zerbitzua erabiltzen da hainbat udal zerbitzutan

Hernanira etorriberrientzako baliabideen gida beste bi hizkuntzatara itzuliko da

2024·02·21


Gaur, otsailak 21, Ama Hizkuntzen Nazioarteko Eguna da. Hernaniko biztanleria jatorri ezberdinetako herritarrek osatzen dute eta, ondorioz, ama hizkuntza ezberdinak dituzten herritarrak ditugu gure herrian. Hori aintzat hartuta, Hernaniko Harrera Zerbitzuan (HHZ), Harrera Bulegoan eta Zerbitzu Sozialetan Dualia itzulpen zerbitzua erabiltzen da. 
 
Dualia telefono bidezko zuzeneko itzulpen zerbitzua da eta 70 hizkuntza baino gehiagotara egiten du itzulpena. “Horrela, Hernaniko Udaleko zerbitzuetan herritarrei zuzeneko arreta gertukoen zaien hizkuntzan emateko aukera handitzen da”.
 
Era berean, jakinarazi nahi dugu Hernanin bizitzea errazteko asmoz sortutako Hernaniko Udalaren Ongi etorri Hernanira! Baliabide Gida beste bi hizkuntzetara ere itzuliko dela: urdura eta wolofera. Honela, gida zortzi hizkuntzatan egongo da. Orain arte, euskaraz, gazteleraz, ingelesez, frantsesez, arabieraz eta errumanieraz zegoen.