Berriak
Atzealdea

Hernaniko kultur ondarea aztertzeko beka, Haritz Muñoa historialariaren proiektuarentzat

Hernaniko kultur ondarea aztertzeko eta ondarea.hernani.eus webgunean jasotako elementuak eguneratzeko eta osatzeko asmoz eginiko beka-deialdia ebatzi du Hernaniko Udalak. Aurkeztutako proiektuen artean, “Hernaniko Kultur Ondarea berrikustea eta eguneratzea” Haritz Muñoa hernaniarraren proiektua hautatu du epaimahaiak.

2020·02·17


Hernaniko kultur ondarea aztertzeko eta ondarea.hernani.eus webgunean jasotako elementuak eguneratzeko eta osatzeko asmoz eginiko beka-deialdia ebatzi du Hernaniko Udalak.

Aurkeztutako proiektuen artean, “Hernaniko Kultur Ondarea berrikustea eta eguneratzea” Haritz Muñoa hernaniarraren proiektua hautatu du epaimahaiak. Juan Ignacio Elizondo arkitektoak, Alfredo Moraza Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak eta Koro Etxeberria Kultura zinegotziak.
      
Hautatutako lanaren helburua Hernaniko kultur ondarearen garrantzia azpimarratzea da, herrian dauzkagun elementuak ezagutaraztea eta horiei buruzko informazioa herritarren eskura jartzea. Horretarako, elementu horien analisia, eguneratzea eta errebisioa izango da eginbehar nagusia, arreta berezia jarriz Hernaniko Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako katalagoetan jasota edota sailkatuta dauden elementuetan. Lana bukatuta, Hernaniko Udalak gida moduko bat argitaratzea aztertuko du.   

Haritz Muñoa Historian lizentziatua da, eta ikasketak baditu Dokumentazioaren, Artxiboen eta Liburutegien kudeaketan, baita Kultur Ondarearen, Artxibo Historikoen eta Liburutegien zuzendaritzan ere, besteak beste. Dagoeneko, lanean hasia da.

Bestalde, 2018/19ko deialdian hautatuak izan ziren proiektuak ikusteko aukera izango dute laster hernaniar guztiek. Edukiak ondarea.hernani.eus webgunean argitaratuko dira:“Azeridantza” dokumentala (DOBERA Euskara Elkartea, dagoeneko ikus daiteke) eta “Hernaniko industria-ondarea Urumea bailaran zehar” (Miren Galcia Dalmau - Alfredo Moraza Barea). Eta, horiekin batera, egindako beste hainbat ekarpen.