Berriak

Atzealdea Hernaniko kulturgintza eta sorkuntza sustatzeko dirulaguntzak eskatzeko epea ireki du Udalak

Auzo elkarteak, arte sorkuntza eta kultur jardueren antolatzaileak izango dira onuradunak

2025·04·10


Hernanin Udalak herriko kulturgintza eta sorkuntza laguntzera 252.100 € bideratuko ditu: arte sorkuntza, auzo elkarteen jarduna eta, kultur programa edo jarduerak antolatzeko dirulaguntzak emango ditu.

Hernaniko Auzo elkarteei 151.000 €ko laguntza emango die Udalak. Auzoari eskaintzen dizkieten kultur jarduerak eta jaiak antolatzeko izango da laguntza, baita elkartearen funtzionamenduan laguntzeko ere.

Kultur programa edo jarduerak antolatu nahi dituzten kolektibo eta norbanakoentzako 86.100 € jaso ditu Udalak.

Arte sorkuntzan, berriz, 15.000 € banatuko ditu beka bidez. Iaz bi proiektuk jaso zuten arte sorkuntzako beka: Beñat Iturriozen Enarak ikus-entzunezkoak eta Tamara Garciaren Hauek ez dira orbainak ikus-entzunezkoak.

Gaur hasita, maiatzaren 10a izango da hiru kasuetan eskaerak egiteko azken eguna. Informazio gehiago nahi duenak, Udalaren webgunean edo udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan (HHZ) eskuratu ahal izango du.