Berriak

Atzealdea Hernaniko naturgune sarea osatuko duten lehenengo bost eremuak aukeratu dituzte Hernani Natura Herrian parte hartu duten ikasleek

Egitasmo pilotuaren itxiera ekitaldia gaur izan da udaletxeko areto nagusian

2025·03·12


Hernani Natura Herria, hezkuntza mailako proiektu pilotuak egin du bere ibilbidea eta gaur, udaletxean elkartu dira Aratz ikastolako, Elizatxo ikastolako, Langile ikastolako, Txirrita eskolako eta Urumea ikastolako ikasleak, ikasturtean zehar landu dutena azaldu eta denen artean ikastetxe bakoitzaren inguruan dagoen naturgune bat aukeratzeko, honela, Hernaniko naturgune hezitzaileen sarea osatzeko.

Proiektu pilotua Hernaniko Udalaren babesarekin aurrera eraman du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko Berritzegune Nagusiak, Iñaki Sanz-Azkue irakasleak koordinatuta. Harekin, Hernaniko ikastetxe bakoitzeko irakasle bana aritu da ikasturte osoan lanean.

Gaur, udaletxeko areto nagusian elkartu dira ikasleak. Xabier Lertxundi alkateak egin die harrera: “Hernaniko Udalean uste dugu Hernani Natura Herria proiektu estrategiko eta eredugarria dela hezkuntza, ingurumenaren zaintza eta herritarren parte-hartzea uztartzen dituelako”. Lertxundik gogora ekarri du irailean “laguntza” eskatu ziela ikasleei, eta hauek “primeran bete dutela erronka”. Izan ere, ikasleak eurak izan dira proiektuko “protagonista nagusiak”.

Aitor Uriondo, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko Ikaskuntza eta Hezkuntza Berrikuntzako zuzendaria ere bertan izan da. “Naturguneak naturari buruz ikasteko toki aproposak izatea garrantzitsua da, baita ikasleak izatea horiek aukeratu eta erabiliko dituztenak”.

Ekitaldian izan dira, baita ere, Axier Mingo eta Ainara Atorrasagasti, Hernaniko Hezkuntza eta Ingurumen zinegotziak, Olatz Juantorena Ereñotzuko auzo-alkatea eta herriko ikastetxeetako zuzendariak.

Komunitateari zerbitzua” eman dion proiektua

Iñaki Sanz-Azkue Berritzegune Nagusiko irakasle eta Hernani Natura Herriako kordinatzaileak azaldu duenez, ikastetxeetako irakasle arduradunekin batera “elkarlana eta metodologia horizontala izan ditu oinarri proiektuak”. Gaineratu duenez, “proiektuaren indargune nagusia izan da irakasleen parte-hartze aktiboa”.

Hernani Natura Herriak “zerbitzua eman nahi dio komunitateari, beraz, ikasleek behaturiko eta aukeraturiko naturgune hezitzaileen sarea sortu da. Didaktikoki lanketa egiteko eremu interesgarriak dira”, erantsi du Sanz-Azkuek.

Ikaskuntza komunitarioko proiektua izanik, Sanz-Azkuek uste du Hernani Natura Herria “eredu izan daitekeela beste herrietan ere gisa honetako proiektuak lantzeko”.

Ikastetxe guztien arteko elkarlana goraipatu du Udalak

Hernaniko Udalak ere “oso balorazio positiboa” egin du, Axier Mingo Hezkuntza zinegotziak azaldu duenez. “Gure natura-ondarea ezagutu, identifikatu eta babesteko urrats estrategikoa da Hernani Natura Herria. Ikastola guztien artean egindako elkarlana eredugarria izan da, hezkuntza komunitarioa sustatuz eta ingurumenarekiko kontzientzia indartuz”.

Bide berean mintzatu da Ainara Atorrasagasti, Hernaniko Ingurumen zinegotzia: “Proiektu hau Hernaniko natura-sarea sortzeko lehen pausoa izan daiteke, ingurumenaren babesa eta iraunkortasuna bultzatuz”.

Bost eremu aukeratu dituzte ikasleek, naturgune hezitzaileen sarea osatzeko

Baina gaurko protagonistak ikasleak izan dira. LH 3. eta 4. mailako ikasleak aritu dira Hernani Natura Herrian buru-belarri lanean. Ikastetxeen inguruan dituzten naturguneak aztertu ondoren, ikastetxe bakoitzak haietako hiru azaldu ditu gaur eta sarerako proposamena egin.

Naturguneak aukeratzeko, hainbat irizpide izan dituzte kontuan ikasleek: erabilera didaktikoa; ikastetxetik distantzia; irisgarritasuna; segurtasuna; egungo erabilera; eremu publikoek lehentasuna izatea; potentzialitatea; aniztasuna eta klima aldaketaren kontrako eremuak izatea.

Orain arteko lanketa guztia kontuan hartuta, hauek izango dira, Hernaniko ikasleek hala erabakita, Hernaniko naturgune hezitzaileen sarea osatuko duten lehenengo bost eremuak: Karabeleko baratzea, Urumea ibaiaren ertza, Lizeaga kaleko horma zaharra eta parkea, Urbieta kaleko urkidia eta Karobieta parkeko belardi eta hormak.