Berriak
Atzealdea

Hernaniko Plaza, herriko denden erakusleiho digitala, abian dago

1
Herrian dauden saltokiak eta negozioak ezagutarazteko eta herriak merkataritzan duen aberastasunaren erakusleiho bihurtzeko asmoz abiatu du Udalak, Berriak elkartearekin elkarlanean, Hernaniko Plaza. Erosketa ohitura berriak kontuan hartuta gauzatu da ekimen hau.

2021·02·03


Hernaniko Plaza, denden erakusleiho digitala jarri berri du martxan Hernaniko Udalak, Berriak Merkatarien eta Ostalarien elkartearekin elkarlanean. Herrian dauden saltoki eta negozioen erakusleiho digitala da. Herriko dendek txoko bat dute eta bertan arduradunaren argazkia, kokapena, negozioaren sare sozialak eta deskripzio bat azaltzen da. Halaber, dendari bakoitzak nahi dituen produktuak ere erakutsi ditzake bertan, baita harekin kontaktuan jartzeko moduak ere.

Udalak landu duen Merkataritza suspertzeko Planaren baitan kokatzen da ekimen hau. "Plan horretan jasota dauden ekintza batzuk gauzatu ditugu ordutik. Merkatarien formazioa, erosketa bonuak, digitalizazioaren bidean laguntzea, promozioak, kanpainak...Gaur aurkeztuko dugun ekimenak Hernaniko Plaza du izena", esan du Patxi Ibarguren Tokiko Garapen zinegotziak.

"Herriko denden eskaintza ezagutaraztea eta herritarrengana gertutatze, batetik, eta erosketa modu berrietara egokitzea (on line erosketak), bestetik, dira Hernaniko Plazaren erronka nagusiak", azaldu du Ibargurenek.

"Pandemiak, gainera, kontsumitzeko ohituretan azken urteetan ikusten ari ginen joera batzuk -on line erosketaren aldeko apustua, esaterako- areagotu ditu. Baina, aldi berrean, pandemiak mugikortasuna mugatu digu (Gipuzkoaren barruan, batzutan, herriaren barruan, orain bezala) eta horrek aukera bat ere sortzen du herriko merkataritzara gerturatzeko. Bi joera horiei erantzun egoki bat ematea da, hain zuzen ere, Hernaniko Plaza ekimenaren nahia", nabarmendu du zinegotziak.

Zer aurki dezakegu Hernaniko Plaza webgunean?

hernanin.eus webgunean denda/negozio bakoitzak bere espazioa dauka, denden erakusleiho digitala da, eta bertan herritarrei erakusten dizkie haren produktuak, zerbitzuak, eskaintzak... Horretaz gain, dendaren ezaugarriak azaldu (tokiko dendei balio erantsi bat eman ahal dizkioten ezaugarriak) eta bezeroekin harremanetan jartzeko aukera ere izango da. Momentuz, 80 inguru saltoki batu dira ekimen honetara", adierazi du Gurutze Amigorena Merkataritza arloko teknikariak.

Merkatari guztiei zabalik dago plataforma hau. Berriakeko kidea izan ala ez.

"Gure helburua hernaniarrek herriko dendak hobeto ezagutzea da, eta, behin ezagututa, erostera gerturatzea edo plataformaren bidez enkargatu eta gero jasotzera joatea. Dendari-bezeroaren arteko harremana estutzea", erantsi du Amigorenak.

Patxi Ibargurenek esan duenez, "printzipioz, Udalak sustatuko du plataforma hau, Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzarekin. Baina, etorkizunean, plataforma honek bide propioa egitea da asmoa, merkatarientzako tresna hau haien esku uztea, alegia".

"Ez da on line erosketak egiteko plataforma bat"

"Hernaniko Plaza erakusleiho bat da, ez da on line erosteko plataforma bat", argitu du Tokiko Garapeneko zinegotziak. Marta Zulaika Berriak elkarteko ordezkariak erantsi duenez, jende askok ez ditu herriko dendak ezagutzen, eta honekin hori sustatu nahi dugu, jendeak jakitea zer eskaintza dagoen".

Gazteak dituzte jomugan dendariek. "Gazteak, oro har, ez dira hurbiltzen dendetara. Nahi dute aurretik jakin zer dagoen eta, interesatzen bazaizu, etortzen dira erostera", adierazi du plataforman parte hartzen duen Gurutze Mira Laket arropa dendako arduradunak.

Hernaniko Plazaren asmoa dinamikoa da eta datozen hilabeteotan dendari gehiagok parte hartzeko kanpainak egingo ditu Udalak eta Berriak elkarteak.

 

 

1