Berriak

Atzealdea Hernaniko sortzaileen proiektuak babesteko Sorkuntza Beka martxan jarri du Udalak aurten ere

Iaz hiru proiektu babestu zituen Udalak

2026·04·21


Hernaniko artista eta sortzaileek Udalaren Sorkuntza Beka eskatzeko epea zabalik dute. Maiatzaren 20a arte izango dute proiektuak aurkezteko epea. 

Aurten, 15.000 € bideratuko ditu Hernaniko Udalak herriko sortzaileen proiektuak laguntzera. Informazio osoa hernani.eus-en edo kultura@hernani.eus-en eskuratu daiteke.

Iaz, hiru sorkuntza-proiektu babestu zituen Udalak

Iazko Sorkuntza Beka Hernaniko artistek aurkeztutako hiru proiektuk jaso zuten: Endika Bengoetxearen Las musas de Amparo; Karena musika taldea eta Natalia Martinezen Pin-txoak!

Las musas de Amparo elektropop euskal-kataluiniarra nahasten dituen proiektu bat da, Bengoetxeak Franzina Pegenaute eta Ruben Tamaritekin batera aurrera daramana. Dantza, musika eta performantzea nahasten dituen euren proiektua finkatzeko baliatu du Sorkuntza beka euskaraz, katalanez eta espainieraz abesten duen talde honek. 7.000 €ko laguntza jaso zuten. 

Karena pop-folk musika egiten duen boskote hernaniarra da: Xabier Elizegi; Irati Gardoki; Beñat Kamio; Irati Jauregi eta Andoni Zabalok osatua. Taldearen single berria sortu eta grabatzeko lagungarri izan zaie Sorkuntza Beka. 1.400 €ko laguntza jaso zuten.

Azkenik, Natalia Martinezek Pin-txoak! proiektua landu du, euskara ikasteko etapak ospatzen dituen intsignia bilduma bat. Jatorriz Bartzelonakoa den eta Hernanin euskara ikasten ari den pertsona baten motibazio petsonaletik abiatu da proiektu artistiko hau. 6.600 €ko laguntza jaso zuen.