Berriak
Atzealdea Hernaniko Udalak 42 alegazio aurkeztu dizkio Ikatz Gane proiektuari eta haren gaineko kezka agertu dio Eusko Jaurlaritzari
2026·05·05
Ikatz Gane proiektua eta haren Ingurumen Inpaktu txostena sakon aztertu ondoren hutsune nabarmenak atzeman ditu Hernaniko Udalak eta 42 alegazio aurkeztu ditu, horretarako epearen barruan. Egindako azterketa horietan Hernaniko Udalak ondorioztatu du Ikatz Gane parke eolikoaren proiektuak eta hari lotutako azpiegiturek ez dituztela betetzen indarrean dagoen araudiak eskatzen dituen gutxieneko baldintzak.
Alegazioetan adierazten den moduan, paisaiari dagozkion azterketak ez dira objektiboak eta ez ditu kontuan hartzen eremuaren biodibertsitatea eta proiektu honek harengan izan dezakeen eragin erreala, ezta Trantsizio Energetikoaren eta Klima Larrialdiaren 1/2024 Legeak instalazioen udal partaidetzaz arautzen duena ere. Gainera, natura- eta kultura-ondarearen babesarekin bateraezintasun ugari daude, eta prozeduran funtsezko hutsuneak antzeman dira. Ondorioz, Udalarentzat horiek arrazoi nahikoak izan daitezke prozedura baliorik gabe uzteko.
Araudien gutxieneko baldintzak betetzen ez direla adierazten duten alegazioak kontuan hartzeko eskaria Eusko Jaurlaritzari
Udalak kezka agertu du proiektuak Hernaniko udalerrian eta Urumea eskualdean izan ditzakeen ingurumen- eta lurralde-eraginengatik, baita biztanleriarengan izan ditzakeen ondorioengatik ere.
Horrenbestez, Hernaniko Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio, egindako alegazioak eta aurkeztutako dokumentazioan hautemandako funtsezko akatsak ikusita, adieraz dezala Ikatz Gane parke eolikoaren proiektua ingurumenaren aldetik bateraezina dela egungo konfigurazioari eta kokapenari dagokienez.
Trantsizio ekosozialaren ikuspegia, ezinbesteko norabidea
Testuinguru honetan, Udalak zehaztu nahi izan du trantsizio ekosoziala guztiz premiazkoa dela, gaur egungo erronka energetiko eta klimatikoek berehalako erantzunak eskatzen dituztelako. Bide honetan, eskala handiko energia proiektu berriztagarriak ere beharko dira, betiere parte-hatze sozialaren eta lurralde antolaketa egoki baten bidetik egiten badira. Horregatik, mota honetako instalazioen behi-betiko Lurralde Plan Sektoriala beharrezkoa dela azpimarratu da.
Helburu horretan, Udaletik azaldu dute Hernanik baduela dagoeneko bide-orri argi bat, azken urteetan lantzen eta garatzen ari dena, eta etorkizuneko pausoak modu planifikatu batean emateko oinarriak ezartzen dituena. Ildo horretan, Udalak Energiaren Plan Territorial Integratu bat lantzen ari dela nabarmendu du, udalerriko eremu funtzionalak modu koherentean antolatzeko helburuarekin, energia, lurralde-antolaketa eta ingurumen irizpideak bateratuz.
Udalak pauso irmoz energia-kontsumoa murrizteari eta energia berriztagarrien garapenari begirako neurriekin aurrera egiten ari dela ere azaldu du, besteak ebste, Enherkomekin sinatutako hitzarmenaren bdiez. Neurri horiekin, Hernaniko Udalak tokiko trantsizio ekosoziala ikuspegi integral batekin eta modu planifikatuan bultzatzen jarraitzeko konpromisoa berresten du.


