Berriak

Atzealdea Hernaniko Udalak HPSri hizkuntza-politikak egiteko udalek duten lege-babes ezaren inguruko kezka helarazi dio

2025·06·09


Hizkuntza-politika gaietan HPS eta udalak koordinatzeko eta elkarlanerako bidea egitea egokitzat jo du Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak, HPSko ordezkariekin egindako bileran.

HPSk hainbat gairen inguruan hitz egiteko eskualdeetan proposatutako bilera horretan, Xabier Lertxundi alkateak mahai gainean jarri du gaur egungo oldarraldi judizialak udaletan duen eragina eta horrek eragiten dion kezka: “Izan ere, tokian toki udalek egoera jakin bat izanda ere, bada behar bat udal guztiok partekatzen duguna: segurtasun juridikoa. Lege-babesa behar dugu aurrera jarraitzeko. Kezka handiz bizi dugu egoera hau”. Udalei zuzenean eragiten dieten hainbat sententziaren bidez baliogabetu dituzte edo baliogabetzeko bidean daude udal legearen hainbat artikulu, esaterako.

Herritarrengandik gertuen gauden administrazioak izanda, berebiziko garrantzia du hizkuntzaren, kasu honetan euskararen posizionamenduak. Udalak izan dira aitzindari euskararen aldeko hizkuntza-politikak gauzatzen, eta horretan atzera egiteak euskararen biziberritze-prozesu osoan izango du eragina.

Baliogabetu dituzten edo baliogabetuko dituzten artikuluak euskara lan- eta zerbitzu-hizkuntza izateari lotuta daude. Lehen mailako gaiak dira guztiak, eta horiek baliogabetzeak kontrako eragin zuzena izango du gainontzeko egitasmoetan. Tamainako erantzuna eman behar zaio gaiari, eta estrategikoak diren gaien inguruan hitz egin behar da, proiektu zehatzen inguruan hitz egin aurretik.

Udala egiten ari den lanaren berri eman die HPSko ordezkariei. Hernaniko Udalak UEMArekin duen lankidetzari garrantzia aitortu dio alkateak.

​​​​​​​