Berriak
Atzealdea

Hernaniko Udalak txotx denboraldian bizikidetza errazteko neurriak martxan jarri ditu

2024·02·07


Txotx denboraldia dela eta, Hernaniko Udalak aurten ere hainbat neurri jarri ditu martxan, jende asko biltzen den denboraldi honetan Hernanin elkarbizitza arduratsuaren alde. 
 
Aurten ere, Ez da sagardoa, zu zara kanpainarekin txotx denboraldia Hernanira datozenei euren jarreren ardura hartzeko eta errespetuzkoak izan daitezen dei egiten diegu. Aurtengoan, Astigarragako Udalarekin batera indarrak batu ditugu gure herrietan eraso matxisten eta arrazisten kontra eta bizikidetzaren alde.
 
Hain zuzen ere, aurtengo txotx denboraldian eraso matxisten eta arrazisten kontrako protokoloa berriz ere indarrean izango du Udalak. Hernaniko ostalaritza establezimendu eta sagardotegi denei helarazi die aurten ere protokoloa, gertakaririk suertatuz gero langile guztiek jakin dezaten zer egin. 
 
Erasoen aurrean, Hernaniko Udalak argi adierazi nahi du guk sinesten dizugula. Erasoen berri eman nahi duenak, Kulturarteko Plaza Feministara jotzeko aukera izango du. Eraso hauen berri ematera animatu nahi ditugu herritarrak. Horretarako bide hauetako edozein erabili daiteke:
 
Helbidea: Florida, 28. 
Telefonoa: 943 33 70 17. 
E-maila: kulturartekoplazafeminista@hernani.eus. 
X: @HernaniPlazaFem.
 
Udaltzaingoak formakuntza jasoko du indarkeria matxista eta arreta babeslearen inguruan
Hernaniko udaltzaingoko agente denek indarkeria matxistaren eta arreta babeslearen inguruko formakuntza jasoko dute otsailean.
 
Era berean, Gudarien Enparantzan udaltzaingoaren Segurtasun eta Informazio puntua egongo da aurten ere. Asteburu honetatik aurrera udaltzaingo zerbitzua indartu egingo da larunbatetan. 
 
Edalontzi berrerabilgarriak, hondakinak murriztu eta kaleak garbiago mantentzeko
Aurten, hondakinen kopurua murrizteko eta kaleak garbiago mantentzeko neurri gisa, edalontzi berrerabilgarrien erabilera sustatzen ari da Udala. Momentuz, 16 ostalaritza establezimenduk egin dute bat sistema honekin. 
 
Era berean, garbitasun zerbitzua ere indartuko du Udalak txotx garaian.