Berriak
Atzealdea Hernaniko zazpi kirol klubek euskara planak garatzeko hitzarmenak sinatu dituzte
2026·02·03
Hernaniko zazpi kirol klubek euren elkarteetan euskara planak garatzeko hitzarmena sinatu dute gaur. Honako klub hauek dira: CHD Hernani; Hernani Arraun Elkartea; Hernani Club Rugby Elkartea; Hernani Eskubaloi Taldea; Hernani Igeriketa; Hernaniko Judo Taldea eta Hernani Saskibaloia.
Hitzarmenaren helburua da herriko kirol klubetan euskara-planak garatzea klub hauek "euskararen arnasgune" bihurtzeko. Hitzarmenak datozen lau urteetan garatzea aurreikusten da.
Xabier Lertxundi alkateak "kirol elkarteek erakutsitako prestutasuna, lankidetza, emandako erraztasunak eta euskararekiko hartutako konpromisoa" eskertu ditu.
"Hernaniko kirol klubetan badago euskara sustatzeko sentsibilitatea eta gogoa", baieztatu du Lertxundik. "Ia zuzendaritza-talde, entrenatzaile eta kirolari haur eta gaztetxo guztiak dira euskaldunak, baina klubetan ere, kalean bezala, badago aldea ezagutzaren eta erabileraren artean".
Udalak hitzarmen hauekin hartutako konpromisoaren berri ere eman du Lertxundi alkateak: "Jauzi bat emateko irizpide argiak, planifikazioa eta dedikazioa beharrezkoak dira. Kontziente gara klubek ez dutela baliabiderik eurek bakarrik horrelako lan bati ekiteko eta horregatik, Udalak baliabideak eskainiko dizkie klubei: aholkularitza-enpresa bat kontratatu eta haiekin landuko dituzte euskara planak, Euskara zerbitzuarekin koordinatuta".
Euskararen Kontseiluak eta Udalak adostutako herriari begirako Euskara planeko ekimena
Hernaniko Euskararen Kontseiluak eta Hernaniko Udalak adostutako 2023-2027 eperako herriari begirako Euskara planean kokatzen da ekimen hau.
Garbiñe Makatzaga Euskararen Kontseiluko kide eta Ereñotzuko Txirrita eskolako zuzendariak azaldu duenez, "oso argi dugu aisialdiaren eta kirolaren eremua funtsezkoak direla euskararen normalizaziorako".
Makatzagak azaldu duenez, Hernanin, 19 urtetik beherako gazte eta haurren %90ak hitz egiten du euskaraz. "Hala ere, familien %26k egiten du euskaraz bakarrik. Etxean euskara jaso ezin duten haur eta gazteek eskolan jasoko dute, baina ikastetxeetan aspaldi konturatu ginen eskolak bakarrik ezin duela euskaldundu. Kaleak, telebistak, sare sozialek... ere ez dute laguntzen euskalduntzen", beraz, galdera zuzena luzatu du Makatzagak: "Non jasoko dute etxeak eta kaleak ematen ez diena? Aisialdi eremuak ezinbestekoak dira".
Kirol-munduak haur eta gazte asko mugitzen eta elkartzen ditu. "Sozializaziorako eremu garrantzitsua da, eta sozializazio hori zein hizkuntzatan egiten den, geroko hizkuntza-ohituretan garrantzia izango du".
Hitzarmenak gaur sinatu badira ere, lehendik dator kirol kluben eta Euskara sailaren arteko lanketa. 2024an, herriko kirol klubetan euskararen erabileraren diagnostikoa egin zen, 16 urtez beherako talde eta kirolarien hizkuntza ohiturak neurtzeko.
Kirol kluben prestutasuna
Dunixe Berlanasek, CDH Hernaniko lehendakariak hartu du hitza kirol kluben ordezkari: "Kirol klubak kontziente gara euskara normalizatzeko dugun garrantziaz, eta badugu sentsibilitatea eta gogoa ere. Baina gizartearen isla dira gure klubak".
Hitzarmen hauei esker jasoko duten laguntza balorean jarri du Berlanasek: "Borondatetik eta gogotik haratago, gaiari seriotasunez eta sistemikoki heltzeko aukera izango dugu hitzarmenari eta aholkularitzari esker".


