Berriak
Atzealdea Asfaltatze lanak egingo dira datorren astean eta trafikoan zenbait aldaketa eragingo ditu
2026·02·04
Datorren astean herriko hainbat kale asfaltzeko lanak hasiko dira. Otsailaren 9 astelehenean makinak kokatzeko mugimenduekin hasi eta otsailaren 10 asteartetik otsailak 13 ostiralera bitarte egingo dira asfaltatze lan horiek. Betiere, eguraldiak ez badu aldaketarik eragiten, euriagatik lanak atzeratu baitaitezke.
Lanak lehenengo bi egunetan Zinkoenean (geltokia eta Frutas Ezkerro ingurua, eta Orbegozo beilatokiaren aurrealdea) eta beste bi egunez Gartzia Goldaratz kalean (Balbi altzariak eta Correos bulegoaren aurrealdeak) egitea aurreikusten da.
Herrigunetik kanpo ere, data hauetan, landa-eremuko bideetan lanak egingo dira. Esaterako, Osinaga auzoko Altuna eta Argindegi baserrietako bideak hormigonatuko dira.
Autobus artikulatuek herrian zehar zirkulatzeko aukera
Lan hauekin definitiboki autobus artikulatuak pasatzeko lanei bukaera emango zaie. Aurretik, Hernaniko Udaleko Herrilanen saila hainbat moldaketa egiten ibili da Zinkoenea, Elkano eta Antziola kaleetako zenbait puntutan, mugikortasun publikoa errazteko eta autobus artikulatuek modu egokian zirkulatzeko beharrezko baldintzak bermatzeko.
Behin asfaltatzea eginda, autobus artikulatuak Hernaniko kale gehiagotatik igaro ahal izango dira, gaur egun arte zituzten muga tekniko batzuk gaindituta.
Zinkoeneako lanen eragina trafikoan otsailaren 10 eta 11ean
Zinkoeneako asfaltatze-lanek trafikoan eragin nabarmena izango dute. Zubia itxita egongo da eta ezingo da bertatik sartu Hernanira. Zinkoeneara bertara iristen diren sarrera guztiak itxita egongo dira asfaltatze egun horietan.
Honez gain, hainbat kaletan norabide aldaketak izango dira: Andre kaletik jaisten direnek Kale Nagusian gora atera beharko dute; Txirrita kaletik Orkolaga eta Izpizuara doazenek bakarrik sartu ahal izango dute eta Balantxa kalea bi norabidetakoa izango da bi egun horietan. Gartzia Goldaratzeko sarrera-irteerak beheko sarreratik egingo dira eta udaltzainak bideratuko dute kale horietako zirkulazioa.
Lan egun horietan Hernaniko udalak informazio eguneratua zabalduko du sareetan. Lurraldebusen autobus zerbitzuan ere eragina izango duenez, Lurraldebusen oharrei adi egoteko deia egiten diegu erabiltzaileei.


