Berriak
Atzealdea

Hernaniko Zerbitzu Sozialek urteko jardunari buruzko memoria aurkeztu dute

Hernaniarren erdiak jo du noizbait udaleko Zerbitzu Sozialetara

2024·03·26


Hernaniko Udaleko Zerbitzu Sozialek 2023ko jardunari buruzko memoria osatu dute eta gaur, Xabier Lertxundi alkate eta Zerbitzu Sozialetako arduradun politikoak eta Oihane Zabaleta arduradun teknikoak aurkeztu dute. “Gizarte-ongizatea eskubide gisa ulertzen dugu”, adierazi du Xabier Lertxundik. “Herritarrak daude gure politikaren erdigunean, ikuspegi komunitario batetik, non protagonistak izango diren erabaki eta aldaketetan”.
 
Zerbitzu sozial indartsuak “ongizaterako eta gizarte kohesiorako berme” direla adierazi du Lertxundik. Horregatik, Hernaniko Zerbitzu Sozialen helburuak hauek direla nabarmendu du: “Bizi kalitate gehiago, gizarteratzea, aukerak sortzea eta herritartasun aktiboa”.
 
Zerbitzu Sozialak Hernaniko Udal Gobernu taldearen lehentasunetako bat dira. Horren adierazle da arlo horretan inbertitzen den diru kopurua bera: iaz, 3.533.042,30 €ko aurrekontua izan zuen sailak (2022an baino 855.890 euro gehiago), eta aurten, kopuru hori 92.000 € handiagoa izango da (3.625.000 € pasa).
 
Hernaniren berezitasunak, datuetan  
Hernaniko Zerbitzu Sozialen funtzionamendua eta egitasmoak ulertzeko, garrantzitsua da gure herriaren ezaugarri sozioekonomikoak ezagutzea. Hernani biztanleria irabazten ari da, eta 20.000 biztanletik gorako Gipuzkoako herrien artean haurtzaro tasarik (14 urte arteko biztanleria) handiena du. Aldiz, zahartze tasa batez bestekoa baino baxuagoa da.   
 
Herritartasun atzerritarra duten biztanle kopurua ere eskualdekoa baino altuagoa da Hernanin (%12,40; Gipuzkoako batez bestekoa baino baxuagoa). Langabezia tasa, aldiz, baxuagoa da, nahiz eta arlo honetan genero arrakala nabarmena den: emakumeen langabezia tasa altuagoa da gizonezkoena baino, batez ere 55 urtez gorako emakumeen kasuan. Soldatan ere genero arrakala nabarmena da: emakumeek gutxiago irabazten dute (batez beste, gizonezkoek baino 6.500 € gutxiago urtean). Hernaniko familia-errenta Gipuzkoako batez bestekoa baino baxuagoa da.
 
Hernaniarren erdiak jo du noizbait Zerbitzu Sozialetara
Oihane Zabaleta Hernaniko Udaleko Zerbitzu Sozialen teknikari buruak dioenez, “zerbitzu sozialak estigmatizatuta daude askotan, badirudi erabiltzaile profil jakin batzuek bakarrik erabiltzen dituztela eta hori ez da hala: Henaniko Zerbitzu Sozialek egiten duten lan handiena bidelaguntza proiektuetan eta prebentzio lanetan izaten da”. Datuek erakusten dute Hernaniko biztanleriaren %50ak noizbait jo duela udaleko Zerbitzu Sozialetara, bertan eskaintzen diren zerbitzu ugarietako baten batera. 
 
Zabaletak hainbat datu esanguratsu eman ditu: 2023an, hitzordu kopuruak, irekitako espedienteak eta, eskatutako eta emandako baliabideak hazi egin dira (2022arekiko alderaketa). 4.678 hitzordu eman zituzten Zerbitzu Sozialetan eta 416 familia berri artatu. Guztira, 6.107 familia-espediente dituzte zabalik Hernaniko Zerbitzu Sozialek.
 
Zerbitzu Sozialetan iaz artatutako %53a emakumeak izan ziren. Indarkeria eta haurtzaroaren ingurukoak dira espedienteen %28a eta %36,8, 65 urtez gorakoena. Zabaletak azaldu duenez, “espediente bakoitzaren atzean, arazo multidimentsionalek kabida izan ohi dute; hau da, behar ekonomikoez gain etxebizitza falta, lanerako zailtasunak, osasun arazoak... ere gehitu behar zaizkie. Zerbitzu Sozialetara jotzen duten herritarren gehiengoari prestazio ekonomiko hutsa ematetik haratago, bidelaguntza prozesuak eskaintzen zaizkie”.
 
Eskatutako baliabide guztiek izan dute gorakada; esanguratsua da  eskakizun mailarik handiena haurtzaro eta genero indarkeriaren arloek izan dutela.
 
Etorkizunera begira, Hernani Burujabe iparrorratz hartuta
Azken urteetan Hernaniko Zerbitzu Sozialetara iritsi diren eskaerak batez ere arlo hauetakoak izan dira: eguneroko ohiko jardueretarako laguntza behar duten pertsonak (mendekotasuna eta ezgaitasuna dutenak); seme-alabak hazteko zailtasunak eta ezintasunak dituzten gurasoak; bizi-ibilbideak okertzen, korapilatzen eta blokeatzen diren egoerak; gutxieneko diru sarrerak bermatzeko ereduaren krisia (gaur egun, lana izateak ez du bermatzen oinarrizko beharrak betetzea) eta etxebizitzaren krisiak eragindako eskaerak. “Arazo horietako batzuk estrukturalak dira, eta udaleko Zerbitzu Sozialetara iristen dira, baina Udalak bere kabuz bakarrik ezin ditu horiek konpondu”, azpimarratu du Xabier Lertxundik.
 
Hala ere, Hernaniko Zerbitzu Sozialak “ohiko langintzatik agertoki berrira egokitzeko” lanean ari dira, Lertxundik azaldu duenez. Horrela, bost eremu nagusitan ari dira lanean, Hernani Burujabe iparrorratz hartuta: iraupen luzeko zaintza; haurren hazkuntza eta gurasotasun positiboa; gizartearen eta komunitatean parte-hartzea; gizarteratzeko prozesuetan laguntzea eta elkarlan multidisziplinarra.
 
Izan ere, “Hernaniko Zerbitzu Sozialak elkarlanaren filosofia barneratua du, bai udal barruko beste sail batzuekin eta baita udalaz kanpoko erakunde zein eragileekin ere”, gehitu du Zabaleta teknikariak.
 
Memoria osoa irakurtzeko aukera dute herritarrek.