Berriak

Atzealdea Hernanikomik, euskarazko komikigintzaren erakusleiho aparta

Azaroaren 15 eta 16an komiki postuak eta aurkezpenak izango dira Atsegindegin

2024·11·06


Azaroaren 15ean eta 16an euskarazko komikigintzaren erdigune bihurtuko da Hernani. Atsegindegin kokatuko da komiki azoka. Hirugarren edizio honetan inoiz baino komiki aurkezpen gehiago izango dira, baita bestelako ekintzak ere.

“Hernani euskarazko komikigintzaren erreferente bihurtzea nahi dugu”, adierazi du Aitor Huizi Kultura zinegotziak. Euskal Herrian euskara hutsezko komikigintzari eskainitako azoka bakarra da Hernanikomik. Horregatik, “Euskal Herriko komikizale guztiak gonbidatu” ditu Huizik Hernanira hurbildu eta Hernanikomik bisitatzera hurrengo asteburuan.

Hernaniko Udala, Hernaniko udal liburutegia eta komikigile sare bat aritu dira Hernanikomik prestatzen: Mikel Begoña, Dani Fano, Aritz Ibarra, Koro Muro, Ainara Azpiazu Axpi, Alai Zumendi, Gregorio Muro... “Horiei guztiei ere eskerrak eman nahi dizkiegu, Hernanikomik aurrera ateratzeko egiten duten lanarengatik”, adierazi du Ainara Aiestaran Hernaniko liburuzainak.

Hamar komiki aurkezpen, horietako sei nobedadeak

Ainara Azpiazu Axpi komikigile hernaniarrak “komikiak ere literatura” direla aldarrikatu du ozen, eta “Hernanikomik euskarazko komikigintzak behar duen prestigioa eta komikigileon ikusgarritasuna bermatzeko plaza interesgarria” dela azpimarratu du.

Udazkena, euskarazko komikigintzan argitalpenetarako garai oparoa izaten da. Honela, izango diren hamar aurkezpeneratik sei labetik atera berri-berriak izango dira.

Argitaletxe eta denda hauen postuak egongo dira azokan: Argia; Elkar; Gaueko komiki denda; Harriet; Herrima; Ikastolen Elkartea-Xabiroi eta Nabarralde. Azokaren ordutegia 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara izango da bi egunetan.

Honez gain, azoka eremuan Space Opera euskal komikietan erakusketa ikusteko aukera izango da.

Asisko Urmenetak jasoko du ‘Joseph Camino’ saria

Hernanikomiken baitan, euskarazko komikigintzaren alde egindako lana saritzeko Joseph Camino saria ere banatzen da. Aurten, Asisko Urmeneta komikigile nafarrak jasoko du, hilaren 16an (12:00).

Sari honekin lotuta, azaroaren 15etik 29ra, Biteri Kultur Etxean Asiskoren ibilbide profesionala erakusten duen lanen erakusketa ikusteko aukera izango da.

EGITARAUA:

Azaroak 15, ostirala:

11:00: Azokaren irekiera.

17:00: Kromiki lehiaketaren sari banaketa (Dobera Euskara elkartea).

KOMIKI AURKEZPENAK:

17:30: Oneka, Iruñeako Erresumaren sorrera. Eneko Lizardi egilea eta Iñaki Otamendi moderatzailea.

18:00: Aldaxka pozoituak. Aritz Ibarra egilea eta Iñaki Otamendi moderatzailea.

18:30. Mo. Bernardo Atxaga eta Pello Varela egileak, eta Iratxe Retolaza moderatzailea.

19:00: Argia iraungi zen tokia. Mikel Begoña egilea eta Iratxe Retolaza moderatzailea.

19:30: Mugako dragoiak. Gregorio Muro egilea eta Iratxe Retolaza moderatzailea.

Azaroak 16, larunbata:

11:00: Azokaren irekiera.

11:30: Iris. Yurre Ugarte eta Julen Ribas egileak, eta Ainara Azpiazu Axpi moderatzailea.

12:00: Joseph Camino sari banaketa: Asisko Urmeneta.

12:30: Dzirt-dzart saioa, zuzenean marraztuz: Asisko Urmeneta eta Marrakatue.

KOMIKI AURKEZPENAK:

17:00: Abentura erraldoia. Adur Larrea eta Gorka Bereziartua egileak, eta Garbiñe Ubeda moderatzailea.

17:30: Botere handi batek. Iban Zaldua eta Julen Ribas egileak, eta Garbiñe Ubeda moderatzailea.

18:00: Egun bat Beti Berdin tabernan. Asier Iturralde Gaston egilea eta Garbiñe Ubeda moderatzailea.

18:30: Ihes plana. Agustin Ferrer Casas egilea eta Garbiñe Ubeda moderatzailea.

19:00: Ni, zu, gu. Tupust kolektiboko Maite Caballero, Loinaz Lekuona, Maitane Gartziandia eta Ainara Azpiazu Axpi.