Berriak

Atzealdea Hernanin kaleko janari postuak jartzeko lehenengo ordenantza indarrean dago

Urtean zehar Hernanin halakorik jarri nahi dutenek, abuztuaren 28a arte izango dute eskaera egiteko epea irekita

2025·07·30


Hernaniko Udalak kaleko janari postuak (janari-furgonetak edo aldizkako kaleko janari-postuak) jartzeko sortu duen lehenengo ordenantza indarrean dago atzotik. Hori dela eta, 2025ean Hernaniko udalerrian gisa horretako janari-salmenta postuak jartzeko interesa izan dezaketenek abuztuaren 28a arte aurkeztu dezakete eskaera.

Aurkezten diren proposamenekin zerrenda osatuko da eta udalerrian kaleko janari-salmenta postuen beharra edo eskaera dagoenean, zerrenda horretan daudenei emango zaie jartzeko aukera, hurrenkeraren arabera.

Eskaerak Herritarren Harrera Zerbitzuan edo erregistro telematiko bidez aurketu beharko dira.

Zerrenda osatzeko hainbat irizpide hartuko dira aintzat

Zerrenda honen bidez, urtean zehar Hernanin egon daitezkeen ekimenetan zein beste momentuetan gisa honetako zerbitzuak jartzeko beharrak eta eskaerak bideratuko dira: sanjoanak, inauteriak edota Euskal Jaiak, esate baterako.

Zerrenda osatzeko hainbat irizpide aintzat hartuko dira: zerbitzua euskaraz ematea; gizarte-ekonomiako erakunde izatea; ekoizle propioa izatea; Hernaniko jarduera ekonomikoa izatea; emakumeen presentzia lantaldean; Hernaniko ekoizleen produktuak edo produktu ekologikoak nagusitzea edota enbalajerik ez erabiltzea.

Azken urteetan Hernanin gisa honetako janari-furgonetak jartzeko baimen eskaerak gehitu direnez, Udalak egoera ordenatzeko premia sentitu du “sentsibilitate ezberdinak kontuan hartuta: herritarrenak, bizilagunenak, dendarienak, ostalarienak, saltzaile ibiltarienak eta kontsumitzaileenak”.

 

Informazio gehiago

Plazara gunea. Merkataritza saila

Helbidea: Gudarien plaza, 5

Telefonoa: 943 33 70 28

E-maila: merkataritza@hernani.eus