Berriak
Atzealdea Hernaniren, Astigarragaren eta Usurbilen hondakinen kudeaketa onean egindako ahalegina berretsi du Europako Zero Zabor Ziurtagiriak
2026·04·22
Europako Zero Zabor Ziurtagiriak berriz onetsi du Astigarragan, Hernanin eta Usurbilen hondakinak kudeatzeko egiten den lana. Astigarragak eta Hernanik izar berri bana lortu dute 2023an eskuratutako ziurtagiriaren berrikuspenean: hiru eta lau izar dituzte, hurrenez hurren. Usurbilen kasuan, duela hiru urteko mailari eutsi dio, eta orduan lortutako lau izarreko ziurtagiria jaso du orain ere. Astigarragako alkate Xabier Urdangarin Lasak, Hernaniko alkate Xabier Lertxundi Asteasuinzarrak eta Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateek elkarrekin eman dute albistearen berri, Hernanin.
Zero Zabor Udalerrien Ziurtagiria Europako ziurtapen-estandar bat da: Zero Waste Europe erakundeak sortu zuen, eta MiZA Mission Zero Academy erakundeak jarri zuen martxan. Zero hondakinerako trantsizioa bizkortzea eta ekonomia zirkularra Europako herri eta hirietan ezartzea du helburu. Hirugarrenek egiten dute udalerrietako azterketa edo auditoria, eta bete beharreko eta baloragarri diren irizpideak aztertzen dituzte, behin betiko puntuazioak esleitzeko: gehieneko puntuazioa bost izarretakoa da.
Astigarragako, Hernaniko zein Usurbilgo udalek 2023an parte hartu zuten, lehenengo aldiz, Zero Zabor Udalerrien Ziurtagirian; ordurako zero zabor bidean hainbat ekintza eta ekimen gauzatuak zituzten, hiruek ere. Ziurtagiriak hiru urteko iraupena du, eta, beraz, berrikuspena egitea zegokien aurten. Hiruen kasuan, otsailean egin zituen azterketak Análisis Social y Medio Ambiente kooperatibak.
Hernaniren kasuan, duela hiru urtetatik gaur egun arte egindako lanaren eta hobekuntzen ondorio, hiru izar izatetik lau izatera pasatu da, orain. “Izar berri hau Hernaniko Udalak zein Hernaniko herritarrek hondakinen kudeaketan egindako lanaren errekonozimendua da”, adierazi du Xabier Lertxundi alkateak Hernaniko Udalaren izenean.
Dagoeneko egonkortuta dauden atez ateko sailkako bilketa, konpostaje deszentralizatua (etxeko zein auzo konposta), edota sortzez besteko ordainketaz gain, azken urteetan Zero Hondakin Estrategian egindako urrats garrantzitsuak nabarmendu ditu MiZAk. Horrekin batera, Hernaniko Hondakin Bulegoaren lana eta inplikazioa ere aitortu ditu. Zero Zabor bidean, azken urteetan zenbait proiektu berri sortu ditu Hernaniko Udalak, besteak beste, Trukehernani webgunea, Asteklimako tailerrak, merkataritza arloan sortzez besteko sistemaren ezarpenean egindako aurrerapenak eta autokonponketa tailerra.
Lertxundik adierazi duenez, “Hernaniko Udalaren helburua zero zabor bidean jarraitzea eta hondakinen kudeaketa eta proiektuek etengabeko hobekuntzak dira. Hori izango da iparrorratza”. Horretarako, Zero Waste auditoriak egindako proposamenak “lagungarri” izango direla adierazi du: “plegu eta kontratu publiko guztietan hondakinen kudeaketarekin lotutako ingurugiro klausulak sartzea edota sortzez besteko ordainketa etxebizitzetan ere aplikatzea gomendatu digute”.
“Bosgarren izarra eskuratzeko bidea egitea erronka polita izan daiteke”, adierazi du Xabier Lertxundi alkateak.


