Berriak
Atzealdea

Giza eskubideen defendatzaileen Herri Babesarearen foro ibiltariak Hernanin izango du geldialdia

Lurraren eta ingurumenaren defentsa, elikadura burujabetza, emakumeen eta LGTBIQ+ komunitatearen eskubideak eta bakerako eskubideak izango dira hizpide Herri Babesareak antolatutako lehen foro ibiltarian. Sei udalerrik osatzen dute sare hori, tartean, Hernani.

2019·11·14


Ea, Durango, Zornotza, Errenteria, Irun eta Hernani euskal udalerriek osatzen dute Herri Babesarea. Izan ere, joan zen urriko udalbatzak ahoz batez erabakita, Hernani Herri Babesareako kidea da. Bakerako Nazioarteko Brigadek eta Mundubat Fundazioak sustatutako ekimena da, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen dute.

Babesarearen lehenengo sentsibilizazio ekintza foro ibiltari bat izango da. Kolonbia, Guatemala, Honduras, Mexiko, Palestina eta Saharako giza eskubideen defendatzaileek hitzaldiak eskainiko dituzte sarea osatzen duten udalerrietan eta gonbidatutako beste bi herrietan -Donostian eta Agurainen-. Lurraren eta ingurumenaren defentsa, elikadura burujabetza, emakumeen eta LGTBIQ+ komunitatearen eskubideak eta bakerako eskubideak izango dute hizpide.

Herri Babesarearen aurkezpen instituzionala Bilbon egingo da hilaren 18an, 12:30ean. Hernaniko udal ordezkariak bertan izango dira.

Donostia eta Ea herrietan hitzaldiak eman ondoren etorriko dira Hernanira giza eskubideen denfendatzaile horietako batzuk. Hartara, hilaren 20an izango dira gure artean Honduras, Mexiko eta Palestinako aktibistak. Udalak harrera instituzionala egingo die 17:00etan eta, ondoren, 18:30ean, Biteri kultur etxean mahai-ingurua egingo dute.

Hizlariak honako hauexek izango dira: Esdra Yaveth Sosa, Asociación LGBT Arcoíris (Honduras), Emilie Chantal de Wolf, Consorcio Oaxaca (Mexiko), Assalah Abu Khdeir, Union of Palestinian Women Committees-UPWC (Palestina).

Hizlarien profilak