Berriak

Atzealdea Herriko ikasleak, egun batez udalbatzar aretoan nagusi

Ikasleek bete zuten atzo udalbatzar aretoa. ingurumenarekin lotutako Eskola Agenda 2030 programari esker ikasitakoa plazaratu dute udal ordezkarien aurrean. Eta herria hobetzeko eskaera batzuk ere egin dituzte.

2022·06·09


Lehorreko ekosistemetako bizia izan da ikasturte honetan Eskola Agenda 2030 programan landutako gaia. Herriko ikastetxe guztietako ikasleek parte hartzen dute ingurumenarekiko sentsibilizazioa sustatzea xede duen programa horretan. LH, DBH, Lanbide Heziketa eta Batxilergoko 2.500 bat ikasle, hain zuzen ere.

Amaitzear dagoen ikasturte honetan landutako gaiak, helburuak eta konpromisoak plazaratu dituzte udalbatzar aretoan, eta Udalari zenbait eskaera eta iradokizun ere helarazi dizkiote. Udal ordezkariek -Xabier Lertxundi alkateak, Ane Ibarburu eta Koro Etxeberria zinegotziek eta Ingurumeneko teknikariak- ondo apuntatu dituzte jasangarritasunaren aldeko ekarpen horiek eta kontuan hartzeko konpromisoa ere berretsi dute.