Hezitzaile batek Urumea eremu babestua errespetatzeko sentsibilizazio ekintzak egingo ditu uztailean eta abuztuan
2023·07·03
Uztailean eta abuztuan Urumea ibaian zehar dauden aisialdi-gune desberdinetan hezitzaile bat arituko da ingurune natural hori errespetatzeko sentsibilizazio ekintzak egiten. Horretarako hainbat tailer eta jarduera dinamizatuko ditu bertaratzen diren erabiltzaileekin. Pertsona honek, gainera, espazio hauetan behaketa-erregistroa egin, erabiltzaileen inguruko informazioa jasotzeko inkestak burutu eta espazio naturalean bete beharreko araudiaren inguruko informazio emango du.
Izan ere, hezitzaile hori kontratatu dute Hernaniko Udalak, Ereñotzuko Auzo Udalak, Aranoko Udalak, Goizuetako Udalak eta Nafarroako Gobernuak (Lursarea Iraunkortasunaren Nafarroako Agentziaren bitartez, Nasuvinsa). Erakunde horiek Urumea bailararen eta ibaiaren inguruko garapen iraunkorra bultzatzeko asmoz, hainbat ekintza bultzatzen ari dira Urumea Arnastu lan mahaiaren testuinguruan. Erakunde-arteko lan-mahai honetan modu koordinatuan lantzen dituzte ibaiari lotutako ingurunearen egoeraren diagnostikorako eta ekintza zehatzak identifikatzeko hainbat ekimen.
Panel interpretatiboak
Hezitzailearen kontratazioarekin batera, panel interpretatiboak jarri dituzte Urumearen ondare naturala eta kulturalaren balioa nabarmentzeko. Guztira sei panel izango dira. Informazio orokorra emateaz gain, panel bakoitzean bertako fauna-flora bereizgarria zein ondare kultural aipagarriari buruzko edukiak landuko dira.
Nafarroako Arano eta Goizuetako panelen kasuan, ekimenak Nafarroako Gobernuko “Nafarroa Ezagutu Sarea” 2023ko espazio eta ibilbideen inbertsioetarako diru laguntza jaso du. Aranoko eta Goizuetako udalak 2022.urtean egin ziren Nafarroa Ezagutu Sareko kide.
Fagollaga (Hernani) eta Arranbide (Goizueta) guneetan atonketa lanak
Fagollagako aparkalekuan hasi dira gunea atontzeko eta naturalizatzeko obrak. Eremuan ibilgailuen eragina gutxitzea, erabiltzaileen jarrera desegokiak saihestea eta lur-ekosistema hobetzea dute helburu obrek. Datorren astean lanak amaitzea espero dute. Behin amaituta, irekiko da. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako obra da.
Arranbideko gunean, aldiz, Añarbeko presako sarreran, degradatutako guneak hobetu eta motordun ibilgailuen eragina gutxitzeko lanak egingo dira. Hala nola, egurra pilatzen den puntuetan garbiketa-lanak, inguruko lurra egonkortu eta puntu desberdinetan tamaina handiko harriak kokatuko dira. Kasu honetan ere, Nafarroako Gobernuak diruz lagunduko du.