Berriak
Atzealdea

HHZren bulegoa ostiralean irekiko da

1
Aurrez aurreko arreta berreskuratuko da baina baldintza zehatz batzuetan: aurretiko hitzordua duten herritarrak soilik artatuko dituzte eta banaka sartu behar dute herritarrek. Astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 13:00etara egongo da zabalik. Dena dela, telefonoz, e-postaz eta modu telematikoan egin daitezkeen tramiteak bide horietatik egiten jarraitzea hobetsiko da.

2020·05·13


Hernaniko udaletxearen beheko solairuan dagoen bulegoa -Herritarren Harrerarako Zerbitzua- ostiralean irekiko da berriro, COVID-19ak sortutako egoeraren ondorioz, bi hilabete itxita egon ondoren. 

Aste hauetan aurrez aurreko zerbitzua eman ez bada ere, telefono bidez eta e-posta bidez jarraitu du Udalak herritarrei zerbitzua ematen. Modu telematikoan egin daitezkeen tramiteak ere bideratzen jarraitu du Udalak. 

Alarma egoera arintzeko 1. fasearen barruan sartuta gaudela, datorren ostiralean, hilaren 15ean, HHZren bulegoa berriro ere irekitzea erabaki du Udalak. Nolanahi ere, zerbitzuak muga batzuk izango ditu, udal langileen zein herritarren segurtasuna bermatze aldera. 

Baldintzarik aipagarriena honakoa da: soilik artatuko dituzte aurretik hitzordua duten herritarrak. Hitzordua hartzeko zein bestelako tramiteak eta kontsultak egiteko telefonoa ohikoa da: 943 33 70 00.

Telefono horretara deituta, zein tramite egin nahi den azaldu beharko du herritarrak. Ahal diren tramite gehienak internetez edo telematikoki egitea lehenetsiko da, baina ezin denean, hitzordua emango zaio herritarrari. 

Hitzordua duten herritarrak kanpoaldean itxaron beharko du bere txanda izan arte. Oro har, banaka sartuko dira herritarrak. Laguntzailea behar den kasuetan, bi pertsonek sartu ahalko dute. Egin beharreko tramitean pertsona batek baino gehiagok parte hartu beharko balute, bulegora txandaka sartuko dira.

Maskara eta boligrafoa etxetik 
Bulegoaren barruan egongo diren langileen mahaietan manpara bat dago langileen beraien eta herritarren segurtasuna bermatzeko xedez. Sarreran eskuak garbitzeko hidrogela egongo da, baita barruko mahaietan ere. Herritarrei eskatzen zaie, mesedez, maskara eta boligrafoa etxetik ekar dezaten, kutsatzeko arriskua murrizteko asmoz. 

HHZko beste langile batzuek lanean etxetik jarraituko dute, eta, orain arte bezala, telefonoz eta postaz artatuko dituzte herritarrak.

1