Berriak

Atzealdea Hilaren 7tik 17ra, izango da zertaz gozatu Hernaniko inauterietan

Sorotan Belek eta Hernaniko Musika Bandak kontzertu berezia emango dute hilaren 15ean

2026·02·02


Badatoz Hernaniko inauteriak. Ia hamar egunez luzatuko da festa, Udalak zein eragileek elkarlanean antolatuta. Aurtengo inauterietako kartela Saioa Garciarena da. 

Kaldereroak izango dira inauterien iragarle datorren larunbatean bertan, eta igandean, inude eta artzainekin, eta Hernaniko Musika Bandaren kontzertuarekin jarraituko du festak. 

Hala ere, ekimen gehienak hilaren 13tik 17ra izango dira. Bost egunez jarraian, egunero izango da mozorrotzeko aitzakia eta festa giroaz gozatzekoa: jaiaren hasiera ikasleekin; erraldoi eta buruhandiak; pailazoak; pilota partidak; elektrotxarangak; azeri dantza; txaranga; erromeriak; DJ-ak; dantza festa; Ttarlaren konpartsa; puzgarriak; haur jolasak; txokolatada eta noski, bukatzeko, sardinaren ehorzketa. 

Sorotan Belek eta Hernaniko Musika Bandak elkarrekin kontzertua emango dute

Kontzertu berezi bat ere izango da inauterietan. Izan ere, Sorotan Bele talde mitikoak eta Hernaniko Musika Bandak elkarrekin kontzertua eskainiko dute (hilaren 15ean, Atsegindegin, 19:00). 

Bihartik aurrera, Udalaren informazio puntuetan eskuragarri egongo da inauterietako egitarauaren eskuorria. Toki hauetan, zehazki: Biteri kultur etxeas; HHZ-Herritarren harrera zerbitzua; Hernani musika eskola; kiroldegia; Kulturarteko Plaza Feminista; Plazara gunea; udal euskaltegia; Zikuñagako libgunea; Euskararen Faktoria (Larramendi, 11) eta Ereñotzu.

EGITARAUA