Berriak
Atzealdea

Hiribusaren zerbitzu berria indarrean sartuko da ikasturtearen hasierarekin batera

Herriko auzoak lotzen dituen garraio zerbitzuaren kontratua datozen hamar urterako berritu du Udalak. Adinekoek eta haur eta gazteek erabiltzen dute, batik bat, ikastetxeetara eta erdigunean dauden beste zerbitzu eta azpiegituretara gerturatzeko. Kontratazio berriak hobekuntzak dakartza, linea, ordutegi eta geralekuetan. Zerbitzu berria irailaren 8an sartuko da indarrean. Eskuorriak hhz-n eta Biterin eskura jarriko dira irailaren 6tik aurrera.

2021·09·06


Izan ere, Hernaniko auzo batzuk sakabanatuta daude eta bertako bizilagun batzuek zailtasunak dituzte osasun zentrora, ikastetxeetara, saltokietara, udaletxera, kultur eta kirol instalazioetara, edo beste auzo batzuetara iristeko. Hiribusaren zerbitzuak mugikortasuna eta irisgarritasuna bermatzen die herritar horiei.

Urteak daramatza zerbitzu honek martxan eta sortzen diren beharren arabera moldatzen joan da urteotan. Kontratazio berria egin behar zela eta, Hiribusaren diagnostiko zehatzagoa egin zuen Udalak.

Horrela, lineak, ibilbideak eta ordutegiak aztertu dira eta azkenaldian Hernanin egon diren aldaketak ere txertatu dira: biztanleriaren adina edo/eta herriko puntu garrantzitsuenen azterketa (biztanle kopurua, auzo eta etxebizitzen kokapena, irisgarritasuna, maldak…), eskaintza eta hainbat herritarrek egindako eskaerak ere kontuan hartzen saiatu da.

Azterketa hori udal talde politikoei eta auzo elkarteei aurkeztu zitzaien, baita Koxka Elkarteari ere. Eragile horien zenbait ekarpenak jaso dira.

Azterketaren ondorioz, hobekuntza batzuk izango ditu zerbitzu berriak: bidaiak laburragoak izango dira, linea berri bat sortu da eta lehen iristen ez zen hainbat auzotara iritsiko da.

IBILBIDEAK:   

Beraz, lau linea egongo dira orain:

1.- Linea 0: linea honetan lau ibilbide izango dira lehendik zueden bosten ordez.  Hauetako bi Ibilbide oso antzekoak ziren eta horietako batean oso bidaiari gutxi ibiltzen zen, beraz, biekin bat egin da eta aldaketa honek Zikuñagara luzatzeko aukera eman du. 

Egungo ibilbide orokorra bitan banatzen da:

2.- Linea 1: Elkano, Florida, Etxeberri, Sagastialde, Antziola, Urbieta, eta orain arte iristen ez zen hilerria, Sandiusterri edo eta Lizeagatik pasako da. 

3.- Linea 2: Elkano, Karabel, Zikuñaga, Akarregi, Atsegindegi. Orain arte iristen ez zen Elizatxo auzora joango da, Portuko geltokia Elizatxo Ikastolaren ondora pasatzen da orain eta Elkanon bukatuko da ibilbidea.

4. - Sagardotegietako linea: ez dago aldaketarik.

Aldaketa hauei erantzuteko GERATOKI BERRIAK sortzen dira.

Autobus berria jartzeko urtebeteko epea

Egin den kontratazioaren arabera, zerbitzuaren esleidunak urtebeteko epean autobus berria jarri beharko du. Ibilgailu berriak ezaugarri hauek izango ditu:

- Bidaiari kopuruari dagokionez; 17 eserleku eta 32 zutik.
- Bi gurpildun aulki eta arrapala elektrikoa.
- Erregaiari dagokionez, GAS (GLP) eta diesela erabiliko ditu. Ekologikoaren katalogazioa du.

Kontratazioaren kostua: urteko 129.509,60 euro (BEZ barne).

 

Irailaren 8tik aurrera, indarrean.