Berriak
Atzealdea

Hiru ikastetxe, 650 ikasle, hiru urtez, energia aurrezteko eta kutsadura gutxitzeko helburuarekin bat

2018/2019ko ikasturtean Elizatxo ikastolarekin abiatu zen Euronet 50/50 programan beste bi ikastetxe batu ziren hurrengo urtean: Urumea ikastola eta Txirrita herri-eskola. Hiru urteotan lanean aritu dira energia kontsumoa murrizteko eta, horrekin batera, dirua aurreztu eta CO2 isurketak txikitzeko.

2021·06·04


2018/2019 ikasturtean Elizatxo ikastola Euronet 50/50 proiektuan parte hartzen hasi zen, eta hurrengo ikasturtearen hasieran 2 ikastetxe gehiago batu zitzaizkion: Urumea ikastola eta Txirrita herri-eskola. Euronet 50/50en helburua ikasleak eta orohar, eskola-komunitatea, energiaren kudeaketa arduratsu baten alde mugiaraztea da eta horretarako, Hernaniko Udalaren laguntza jaso dute Elizatxo ikastolak, Urumea ikastolak eta Txirrita herri-eskolak. Ikasturte honetan ere jarraipena eman zaio egitasmoaren metodologiari baina, beti ere, eskolen beharretara eta pandemia-egoerara egokituta.

Aipatu behar da 3 ikastetxe horietako Lehen-hezkuntzako 650 bat ikaslek parte hartu dutela eta baita proiektuaren koordinazioaz arduratu den irakasle-taldea ere. Horien guztien inplikazioari esker, ikasturte batetik bestera, 5.100€ inguru aurreztea lortu zen.

Ikastetxe bakoitzari lortutako aurrezpenak jakinarazi ondoren, eskoletan energia aurrezteko eta arduraz erabiltzeko ekintza-planak diseinatzeko ordua iritsi zen. Horrela, urtarrilean eta otsailean ikastetxe bakoitzean egindako parte-hartze saio ezberdinen bidez, ikasleek helburuak eta horietako bakoitza lortzeko ekintzak adostu zituzten, ekintza bakoitzaren lehentasun-maila ezarri zuten, eta lortutako aurrezpenaren zenbatekoaren erdia zein jarduera burutzera bideratuko zuten erabaki zuten (energiari eta klima-aldaketari lotutako irteeren antolaketa, egungo argiak LED argiengatik ordezkatzea eta teilatuan eguzki-plakak instalatzea izan ziren proposatutako jardueretako batzuk). Aurreztutako zenbatekoaren beste erdia Hernaniko Udalak proiektuan parte hartzen duten ikastetxeetan energiaren arloko hobekuntzak gauzatzera bideratuko du.

Proiektu honi esker, ikastetxeek eta Udalak Garapen Iraunkorreko ondorengo Helburuei egin diete ekarpen zuzena:
4.a: kalitate oneko hezkuntza
7.a: energia eskuragarri eta ez kutsatzailea
13.a: klima babesteko ekintza

Zertan datza Euronet 50/50 egitasmoa?
Euronet 50/50 programa, europar ekimen bat da eta Klima-aldaketaren aurka borrokatzeko energia aurreztea helburu nagusitzat du, bereziki udalen jabetzakoak eta kudeaketa zuzenekoak diren Lehen-hezkuntzako eraikin publikoetan. Programa honetan barneratzen diren jarduerei eta aurrera eramaten diren fase ezberdinei esker, ikasturtea amaitu ondoren lortutako aurrezpenen kalkulua egin ohi da eta Udalak ikastetxe ezberdinekin sinatutako hitzarmenen baitan, lortutako aurrezpenenen erdia eskolei dirutan itzultzen zaie eta beste zatia Udalak aurrezpen-jarduketak eta energia-eraginkortasuneko neurriak burutzeko erabiltzen du.

Proiektuak hainbat fase ezberdin ditu eta lehenengoa Energia-taldea eratzea izan zen. Eskola bakoitzak bere taldea nola osatu erabaki arren, ikasleek dute kasu guztietan protagonismo nagusia (hala ere, ikasleez gain irakasleak, udal-mantenuko arduraduna eta eskolako zuzendaria eta atezaina ere talde honen parte aktiboak dira). 

Energia-taldea osatu ondoren, energiari buruzko trebakuntza zein sentsibilizazio saioak jasotzen dituzte ikasleek (aurrezki energetikoa, energiaren erabilerari buruzko jardunbide egokiak, energia-motak, etab. aztertu ziren Hernaniko ikastetxeetan eta horretarako dinamika ezberdinak baliatu ziren) eta eskoletako azpiegitura eta instalazio motak bertatik bertara ezagutzeko aukera  ere izaten dute (galdara gela, konexio elektrikoaren puntuak, etab.

Bigarren hiruhilekoan zehar, ikastetxe bakoitzean energia-ibilbidea egiten da eta energiaren ikuskaritza burutzen da segidan. Modu honetan, eskolako eraikinaren ikuskaritza osatzen da eta energiaren kontsumoaren alderdi ezberdinak aztertzen dira; hala nola, ur beroaren erabilera, argiztapenaren kontsumoa, berokuntza-sistema, etab. Aurrekoaz gain, eskolako geletako tenperaturak egunero jaso ohi dituzte ikasleek, termometro eta datuen bilketarako orri batzuen laguntzaz.

Hurrengo urratsa, lortutako emaitzetatik abiatuz, ekintza-plana eta konponbideak proposatzea izaten da. Horretarako, ikasleek ikuskaritza fasean jasotako emaitzak aztertu eta elektrizitate kontsumoa jaitsi, berokuntza sistema eraginkorragoa etab. lortzeko ideiak eta hobekuntzak proposatzen dituzte.

Jarduera eta praktika onak martxan jarri ondoren gastu ekonomikoa gutxitzeaz gain, kontsumo energetikoa, CO2 isurketak eta kutsadura gutxitzea lor dezakete ikastetxeek.